Orioko Surf Taldeak eta Surfrider Foundation elkarteak deituta, hondartzaren eta inguruko eremuaren garbiketa egin dute gaur goizean hainbat herritarrek. Antolatzaileak "oso gustura" agertu dira goizak emandakoarekin; izan ere, inoizko hitzordurik jendetsuena izan da, 70 lagun inguru batu baitira deialdira.
Haurrak eta gaztetxoak izan dira garbiketa lanak egitera animatu diren asko, eta familian etorri direnak ere izan dira. Antolatzaileen hitzetan, zabor eta hondakin "pila bat" jaso dute: zigarroak, plastikozko botilak, edari latak, sokak, tabako kaxak, plastikozko poltsak txakur kakekin...
Horren aurrean, antolatzaileek honakoa esan dute: "Harrigarria da ingurua urtero garbitzen dugun arren, urtero-urtero zenbat zabor berri iristen den ibaitik, barrako arroketan kateatuta geratzen dena. Eta Itxasperako bidean ere latak, plastikozko botilak, zilarrezko papera eta hondakin asko jaso dugu oinezkoak ibiltzen diren tokian".
Saioari dagokionez, "oso giro onean" egin dutela azpimarratu dute antolatzaileek. Halaber, garbiketaren ondorengo askaria ere ondo joan da. Orioko Surf Taldeko antolatzaileak oso pozik daude, baita ere, bazkideen artean deia egin zutelako jendeak etxetik norberak egindako patata tortilla eramateko, eta hamar inguru eraman dituztelako.