Balearen Eguna 2026

Kanada eta Euskal Herriaren arteko zubia eraiki zuen mitoa

Julene Sorarrain 2026ko apirilaren 30a

Huxley Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide izendatu zuteneko argazki bat, 1981ean Orioko Leunda zinema zaharrean egindako ekitaldian. Eskuinean, bere seme Michael Barkham, zimitorioan. (Julene Sorarrain)

Balearen Egunaren harira, Michael Barkhamek hitzaldia eman zuen atzo, euskal baleazaleen historian aitzindaria izan zen bere ama Selma Huxleyri buruz.

125 urte beteko dira maiatzaren 14an oriotarrek Kantauri itsasoko azken balea ehizatu zutenetik. Jakina da euskal herritarrek betidanik izan dutela lotura sendoa itsasoarekin. Etxetik gertuko uretan ibili direlako edo Ternuara iritsi arte bidaiatu dutelako, hainbatek itsasoa bigarren etxe izan dute urte luzez. Izan ere, euskal baleazaleak zetazeoen arrantzaren aitzindari izan ziren, eta XV. eta XVII. mendeetan baleen ehizan zuten nagusitasunagatik nabarmendu ziren. Nola iritsi da gaur arte, ordea, informazio hori guztia? Bada, Selma Huxley historialariaren jakintzarako egarri aseezinari esker.

Hain zuzen ere, aurtengo Balearen Eguneko egitarauaren barruan, Huxleyri buruzko hitzaldia eskaini zuten asteazken iluntzean, jendez lepo betetako zimitorioan. Eta nor da egokiagoa Huxleyri buruzko hitzaldia emateko, haren seme Michael Barkham baino?

Asteazkeneko solasaldiak agerian utzi zuen Huxleyren ekarpena ikerketa batetik harago doala: haren lanari esker, Euskal Herriak eta Kanadak partekatutako iraganaren zati handi bat berreskuratu da, eta aldi berean, euskal herritarrek euren historia sakonago ezagutu ahal izan dute.

Kanadatik mundura

Baina nor zen Selma Huxley? 1927. urtean Londresen jaioa, intelektual ospetsuen familia batean hazi zen historialaria. Haren gaztaroa Bigarren Mundu Gerrak markatu zuen, eta urte haiek Ingalaterraren eta Ameriketako Estatu Batuen artean bizi izan zituen.

1953. urtean, 26 urte zituela, Kanadara bidaiatu zuen, eta irakasle eta liburuzain gisa aritu zen lanean McGill unibertsitatean. Han ezagutu zuen geroago bere senarra izango zena, Brian Barkham, Euskal Herriarekiko interes bizia zuen arkitektoa. Beraien arteko lotura erabakigarria izan zen; izan ere, Barkhamek transmititutako jakintzak euskal historiarekiko interes handia piztu zion Huxleyri.

1964. urtean, ordea, Huxley alargun geratu zen, eta lau seme-alaben zaintzaz arduratzen zela, Kanadako proiektu historikoei lotutako garai berri bati ekin zion. Orduan sortu zitzaion Atlantikoko kostaldean arrantzan aritu ziren arrantzaleekiko interesa, bereziki arrantzale euskaldunekiko.

Hala, 1972ko irailaren 3an, esku batean maleta eta bestean bere seme-alabak zituela iritsi zen Santurtziko (Bizkaia) portura. Baldintza ekonomiko eskasak bazituen ere, haren ahaleginak laster hasi ziren fruituak ematen: 1973an, Kanadako Artxibo Publikoekin kontratu bat sinatu eta Oñatira (Gipuzkoa) bidaiatu zuen, bertan bi hamarkada luzez ikerketa lan handia egiteko.

Urteetan zehar, 40 artxibo baino gehiago kontsultatu zituen Bilbon nahiz Espainiako hainbat lekutan –Sevillan, Burgosen edota Valladoliden–, eta lan horri esker, XVI. eta XVII. mendeetako dokumentuak berreskuratu zituen, besteak beste, testamentuak, polizak eta tripulazio erregistroak. Euskal itsas jarduera xehetasun handiz berreraikitzeaz gain, euskal baleazaleen ibilbideak eta helmugak identifikatzea ere lortu zuen. Hain zuzen ere, bakailaoa Kanadan, Ternua iparraldean eta Labradorreko kostaldean, harrapatzen zen, eta baleontziak, aldiz, Badia Handia izeneko eremura joaten ziren.

Gainera, Ternuako balea portuak kokatzea lortu zuen, horietan esanguratsuena Red Bay. Hain justu, eremu hartan arrantzaleen jardueraren aztarnak egongo zirela sinetsita, Huxleyk espedizio arkeologikoa antolatu zuen 1977an. Han, James Tuck adituarekin batera, balea industriaren ebidentziak aurkitu zituen, bereziki Red Bayn.

Albaolan, "hutsune bat"

Urtebetera, Robert Grenierrek zuzendutako taldeak hainbat ontzi hondar aurkitu zituen ur azpian, horien artean, ustezko San Juan baleontziarenak. Hondakin horien indusketari esker, ontzi horren erreplika eraikitzen ari dira Pasaiako (Gipuzkoa) Albaola faktorian.

Dena den, Huxleyren semeak "hutsune bat" nabari du Albaola museoan. Izan ere, itsas arkeologoei aipamen bereziak egin zaizkien heinean, San Juan itsasontziaren proiektuan Huxleyren izena "apenas nabarmendu" dela kritikatu du Barkhamek, ontzia uretaratu zutenean familia gonbidatu ere ez zutela egin azalduz.

Hitzaldiaren amaieran, ordea, herritarrek galderak egiteko aukera izan zuten, eta entzuleen artean zegoen Albaolako kide batek hartu zuen hitza, Barkhamek egindako adierazpenei erantzuteko asmoz. Kide horrek azpimarratu zuenez, Huxleyren berri izan du "Albaola bisitatu dudalako, eta haren historia Pasaiako museoan ezarrita dagoen informazio panelaren bidez ezagutu ahal izan dudalako ". Halaber, Albaolak euskal baleazaleei edota itsas arkeologiari buruz zuzendutako proiektu asko "Selmaren eskutik" egin dituela nabarmendu zuen. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide