Elizondora irteera antolatu du Zaharren Babeslekuak apirilaren 30erako

Julene Sorarrain 2026ko apirilaren 22a

Elizondoko etxeak. (Sensacion Rural)

Baztan bailarara egingo dute txangoa autobusean, eta txartelak bihar, osteguna, jarriko dituzte salgai.

Zaharren Babeslekuak jakinarazi du noiz eta nora egingo duen hurrengo irteera: Baztan bailarara joango dira, apirilaren 30ean, ostegunarekin. Autobusa 09:00etan aterako da herritik, eta behin hara iritsita, Elizondo herriko arkitektura tradizionala ezagutzeko aukera izango dute. 14:00etan elkartuko dira Baztan Hotelean bazkaritarako, eta arratsaldean itzuliko dira etxera.

Irteeran parte hartu nahi duenak bihar, ostegunarekin, eman beharko du izena 16:00etatik 18:00etara Zaharren Babeslekuan bertan, eta 40 euro ordaindu beharko ditu. Autobuseko tokiak zozketa bidez banatuko dituzte.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide