Asteburu bikaina Orioko Bate Bizkorrentzat

Julene Sorarrain 2026ko apirilaren 15a

OBB taldeko jaurtitzaile bat. (utzitakoa)

Bi garaipenekin itzuli da OBB sofbol taldea Tenerifetik, asteburuan Audazesen aurka jokatu ostean. Espainiako Sofbol Ligako Urrezko Ohorezko mailan dabiltza oriotarrak, hain justu, eta hurrengo jardunaldia Madrilen izango dute, CBS Rivas egungo txapeldunaren aurka.

Pasa den igandean, hilak 12, Orioko Bate Bizkorrak (OBB) taldeak Espainiako Sofbol Ligako Urrezko Ohorezko mailako bosgarren jardunaldia jokatu zuen Tenerifen (Espainia), Audazes taldearen aurka. Oriotarrek bi garaipenak lortu zituzten, jardunaldia 1-14 eta 13-18 emaitzekin amaituz.

Lehen sarreran, OBBk zortzi lasterketa egin zituen, lau hits eginez eta etxeko taldearen akatsak aprobetxatuz. Hurrengo hiru sarreretan, Tenerifekoek OBBren erasoa gelditu ahal izan zuten, lasterketa bakarra ahalbidetuz eta distantziak murriztuz, markagailuan 8-1 emaitza ezarriz. Bosgarren sarreran, ordea, OBBk bost lasterketa gehiago egin zituen, eta horri esker irabazi zuten partida, 1-14 emaitzarekin.

Bigarren topaketa, berriz, OBBko Sara Loidi eta Lidia Barrerasek bultzatutako bi lasterketa eginez hasi zen, baina aurkariek azkar erantzun zuten, hiru lasterketa lortuz eta aurretik jarriz. Hurrengo hiru sarreretan, oriotarrek zazpi lasterketa egin zituzten, baina etxekoek partida berdintzea lortu zuten laugarren sarreraren amaieran. Bosgarren sarreran, oriotarrek hiru lasterketa gehiago egin zituzten, horietako bi Maialen Pisonek bultzatuta. Distantzia horrek handitzen jarraitu zuen seigarren eta zazpigarren sarreretan, Tenerifekoen bateak gelditzea lortuz eta bisitariek bost lasterketa gehiago sartuz, jardunaldia 13-18 emaitzarekin amaituz.

Aipatzekoa da Sara Loidi jaurtitzailearen lana, bi partidetako pitcher irabazlea, izan ere, strikeout bidetik 10 jokalari kanporatzea lortu zituen. Estibaliz Alvarezek ere bost geldiezin eta lau lasterketa bultzaturekin, emaitza bikainak lortu zituen. Hala, asteburu honetan OBBk Madrilera bidaiatuko du, CBS Rivas egungo txapeldunaren aurka jokatzeko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide