Orio, Inklusioaren eta Aniztasunaren Europako Hiriburuen Sarien finalean

Onintza Lete Arrieta 2026ko apirilaren 1a

'Bizitza askeak plazer 'leloa duen pankarta, udaletxeko balkoian eskegita. (Onintza Lete Arrieta)

Orioren hautagaitza hiru proiektu eta lan-ildo nagusitan oinarritu dela azaldu du udalak: Parrilla Festan, Bizitza Askeak Plazer indarkeriaren aurkako estrategian, eta Saregile emakumeen etxean. Sari banaketa ekitaldia apirilaren 21ean izango da, Bruselan.

Inklusioaren eta Aniztasunaren Europako Hiriburuen Sariak antolatu dituzte bosgarrenez, eta Orio bi kategoritan iritsi da finalera: 50.000 biztanletik beherako toki-erakundeen kategorian eta Merkataritza Inklusiboaren sari berezian. Europako Batzordeak Orioko Udalari jakinarazi dionez, "aniztasunaren eta inklusioaren alde egindako ekarpen nabarmenengatik" kokatu du herria finalisten artean.

Sari horien helburua da herri, hiri eta eskualdeek diskriminaziorik gabeko eta inklusiboagoak diren komunitateak eraikitzeko egiten duten lana aitortzea, ikusgarri egitea eta balioestea. Sariak tokiko jardunbide egokiak nabarmentzen ditu, bereziki sexua, adina, desgaitasuna, LGTBIQ+ identitatea, erlijioa edo sinesmenak eta jatorri etnikoa edo arraza bezalako arloetan aniztasuna aberastasun eta berrikuntza gisa lantzen dutenak.

Finalean egotea bera, sari

Sari banaketa ekitaldia apirilaren 21ean egingo dute, Bruselan. Urrezko, zilarrezko eta brontzezko sariak emango dituzte, eta udalak azaldu du Orio Europako finalisten artean egote hutsak "nazioarteko aitortza garrantzitsua" dakarrela, "herrian azken urteotan berdintasunaren, zaintzaren, aniztasunaren eta inklusioaren alde egindako lanaren emaitza".

Udalak jakinarazi du Orioren hautagaitza hiru proiektu eta lan-ildo nagusitan oinarritu dela: "hainbat urtetako gogoetaren ondoren", iazko udazkenean martxan jarri zuten Parrilla Festan; udalak azaroan aurkeztu zuen Bizitza Askeak Plazer indarkeriaren aurkako estrategian; eta 2023tik martxan den Saregile emakumeen etxean. Udalak azpimarratu du hiru ekimenek "norabide bera" jarraitzen dutela: Orio herri bizi, ireki eta kohesionatu gisa sendotzea, tradizioa eta berrikuntza, zaintza eta parte-hartzea, ondarea eta etorkizuna uztartuz. Gaur egungo erronkei erantzuteaz gain, etorkizuneko Orio irudikatzeko ere balio dute, udalaren ustetan.

Proiektu bakoitzaren helburuak

Proiektu bakoitzari buruzko azalpenak ere eman ditu udalak sari banaketari buruz argitaratutako oharrean. Parrilla Festaz, esan du helburua herriko tradizioa berrinterpretatzea eta jasangarri egitea dela, parrillaren inguruko jakintza herritar guztiei zabaltzeko. "Tokiko merkataritza eta parte-hartzea ardatz dituen festa da, ondarea partekatuz, komunitatea indartzen duena. Eta ezagutzaren transmisioa ikuspegi inklusibo batetik egiten du, eragile guztien elkarlana balioan jarriz, herriko sukaldea oriotar guztiei zabalduz".

Bizitza Askeak Plazer markoa, berriz, "orotariko indarkerien aurrean harreman eredu berriak eraikitzeko eta askotariko bizitzak onartzen eta errespetatzen dituen gizartea bultzatzeko sortu zen". Herriko eragileekin eta herritarrekin elkarlanean, "norabide berean lan egiteko deia da".

Eta berdintasun politikak garatzeko eta ikuspegi feminista eta emakumeen parte-hartze sozio-politikoa bultzatzeko azpiegitura da Saregile emakumeen etxea. Zaintza, ahalduntzea eta saretzea oinarri dituen udal zerbitzua, aholkularitza juridikoa, babes emozionala eta ahalduntze-eskola uztartzen dituen espazio gisa definitu du.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide