San Pedro festak antolatzeko lehen bilera irekia egingo dute datorren astean

Julene Sorarrain 2026ko martxoaren 19a

Iazko San Pedro jaietako txupina, Herriko Plazan. (Intza Trula)

Martxoaren 24an, asteartearekin, egingo dute San Pedro jaiak antolatzen hasteko lehen bilera irekia, Salatxo aretoan. Hitzordu hori, hain justu, festa egunak eta programazioaren oinarriak zehazteko izango da. 

Festa batzordearen funtzionamenduari buruzko lansaioa egin zuten pasa den hilabetean Arraunetxen, eta 30 herritarretik gora bildu zituen udalak deitutako hitzorduak. Bertan, aurrera begirako hainbat proposamen landu eta jaso zituzten, eta proposamen horiek "pixkanaka bideratzeko konpromisoa" hartu du udalak. Hori horrela, epe motzean, "funtzionamendua hobetzeko ekarpenak" aintzat hartuta, San Pedro festak antolatzeko bilera egutegia prestatu dute.

Orain arte bezala, hiru bilera egingo dituzte datozen asteetan. Lehena martxoaren 24an izango da, asteartearekin. Bilera horren aurretik, ordea, sanpedroei begira proposamenak helarazteko aukera zabaldu du udalak. Horretarako, herritarrek edota herriko eragileek mezu bat bidali dezakete kultura2@orio.eus helbidera. 

Hau izango da bileren egutegia eta saio bakoitzaren helburua:

  • Martxoak 24, asteartea, 19:00etan Salatxo aretoan. Festa egunak eta programazioaren oinarriak zehazteko bilera izango da. Udalak posta bidez jasotako proposamenak aurkeztuko ditu, eta parte hartzaileek ere berenak aurkezteko aukera izango dute. Horiek taldean aztertu eta programazioaren lehen zirriborroa osatuko dute, San Pedro festen izaera eta balioak kontuan hartuta.
  • Apirilak 14, asteartea, 19:00etan Kultur Etxean. Proposamen berriak aurkezteko aukera egongo da, aurreko bileran zehaztutako oinarrien gainean. Halere, bileraren helburua programazioaren ikuspegi orokorra erabakita uztea izango da.
  • Apirilak 28, asteartea, 19:00etan Kultur Etxean. Programa ixteko bilera izango da, jarduera, artista, ordutegi eta gune guztiak lotuta. Gainera, behar teknikoak zehaztuko dituzte baita eragileen arteko koordinazioa bideratu ere.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide