Zabalik dago Orioko komunitate energetikoan izena emateko epea

Onintza Lete Arrieta 2026ko martxoaren 14a

Eguzki plakak kiroldegian. (Orioko Udala)

Interesa dutenek apirilaren 17ra arte epea dute. Ondoren, Goienerrek banan-banan kalkulatuko die interesdunei zenbateko aurrezpena izango luketen komunitateko kide izanez gero, eta aurrera egiten dutenekin osatuko du udalak behin betiko zerrenda. Kalkuluen arabera, Orioko 150 etxebizitza eta merkataritza lokal inguruk jasoko lukete eguzki plaken bidez sortutako energia fotovoltaikoa. 

Orioko Udalak herrian komunitate energetiko bat martxan jartzeko proiektua abiatu du, Goienerrekin elkarlanean. Helburua Orioko herritarrei energia berriztagarria eskuratzeko aukera erraztea da, herrian bertan sortutako eguzki energiaren bidez. Egitasmoa aurkezteko bi bilera ireki egin ditu udalak, eta jada zabaldu du izena emateko epea ere. Interesa dutenek apirilaren 17ra arte edukiko dute horretarako aukera. Izena emateko, azken elektrizitate faktura, NAren kopia eta eskaeraorria sinatuta aurkeztu behar dituzte. Udalak azaldu du garrantzitsua dela eskaera fakturaren titularrak egitea. 

Eskaera aurrez aurre egin daiteke udaletxean, baita online ere: hemen dago eskuragarri eskaera orria. Hori bai, izen-ematea ez dute automatikoki egingo. Jasotako informazioarekin, Goienerrek elektrizitate fakturan herritar horiek izango duten aurrezpena kalkulatuko du, eta horren berri emango die, erabakia hartu dezaten. Horren ondoren osatuko du udalak bazkideen behin betiko zerrenda, eta beharrezkoa balitz, zozketa bidez egingo da hautaketa.

Izane ere, Orioko 150 etxebizitza eta merkataritza lokal inguruk jasoko dute eguzki plaken bidez sortutako energia fotovoltaikoa –xehetasun guztiak esteka honetan kontsulta daitezke–.  

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide