Oria ibaia kolorez jantzi dute gaur arratsaldean jokatutako Oriaren 32. Traineru Jaitsieran, izan ere, 77 ontzi aritu dira lehian Orioko uretan. Eguraldia lagun, ehundaka jarratzaile gerturatu dira herrira, eta zubitik nahiz errio alboko pasealekutik jarraitu dituzte gizonezkoen, emakumezkoen eta beteranoen estropadak.
Hala, hiru banderetatik bi etxean geratu dira, hain justu, gizonezkoena eta beteranoena. Orio Arraunketa Elkarteko gizonen lehen taldeak nagusitasunez irabazi du estropada, 19:40,57 denborarekin helmugaratuz. Zehazki, 14 segundoko aldea atera dio Bermeoko traineruari. Emakumezkoek, iaz bezala aurten ere, lan bikaina egin dute eta bigarren geratu dira sailkapenean, 14:40,12 denborarekin. Bandera, ordea, Donostiako Arraun Lagunak klubarentzat joan da, 14 segundoko aldea atera baitio Oriori.
Beteranoen kategorian 30 ontzitik gora lehiatu dira, eta garaipena Badok 13k eraman du aurten ere. 14:14,83 denborarekin helmugaratu dira oriotarrak, zazpi segundoko aldera ateraz C.R. Ares taldeari. Getariak ere ontzi bat uretaratu du kategoria horretan, eta zazpigarren izan dira sailkapenean, 14:54,60 denborarekin.
Ohi bezala, gizonezko seniorrek 6.000 metroko distantzia osatu dute Mapiletik (Aginaga) irtenda Orioko zubi ingururaino, eta senior emakumezkoek eta gainerako kategoriek, berriz, 4.000 metroko distantzia, Saikolatik abiatuta.
Gizonezko seniorretan hemeretzi traineruk parte hartu dute, tartean eskualdekoek –Orio, Orio A eta Orio B ontziek, Getariak eta Zarautzek–. Bandera Orioren A taldeak eraman du, eta gainerakoek ere emaitza onak lortu dituzte: Getaria bosgarren izan da (20:10,34), Orio seigarren (20:10,83), Zarautz zortzigarren (20:35,75) eta Orio B, azkenik, hamalaugarren (21:28,42).
Emakumezko seniorretan, aldiz, hamabi talde uretaratu dira. Kategoria horretan ere eskualdeko talde guztiek parte hartu dute, hau da, Oriok, Zarautzek eta Zumaiak. Zumaiak laugarren egin du 14:47,12 denborarekin amaituz, eta zarauztarrek, berriz, zazpigarren, 14:57,57 denborarekin.