AP-8 autobidean Orioko lotunea osatzeko azterlana gauzatuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Gaur-gaurkoz, autobide horretan Bilborako noranzkoan soilik dago Oriorako irteera eta Behobiarakoan autobidera sarrera. Hain zuzen ere, lotune erdi hori osatzea aztertuko du erakundeak.
Irune Berasaluze Gipuzkoako foru bozeramaileak gaur jakinarazi du aukera hori aztertzen ari direla, eta esan du Bidegi sozietateak lizitaziora atera duela balizko eraldaketa aztertzea xede duen proiektua. Zehazki, aztertuko dutena da AP-8 autobidean, Behobiarako norantzan Oriora irteera eta Bilborakoan autobidera sarrera eraikitzea.
Azterlana egitera 134.470 euro bideratu ditu Bidegik, eta proiektuaren esleipena eskuratzen duen enpresak hamar hilabeteko epean gauzatu beharko du lana.