Kirola eta mugimendua onak direla? Hori jada denok badakigu; egunero gogorarazten digute youtuberrek eta instagramerrek.
Kirol medikuaren ikuspegitik, ordea, kirola botika da: kirolean aditua den espezialistak errezetatu behar duena, albo ondorio gutxi dituena, atxikidura lortzen erraza ez dena hasieran, baina onurak edozein medikamentuk baino gehiago dituena.
Pentsa: bihotza eraginkorrago bihurtzen da; biriketan arnasa sakonago hartzen dugu eta oxigenoa hobeto aprobetxatzen dugu; eta gihar sendoagoak edukiko ditugunez, eguneroko mugimenduak errazagoak izango zazkigu. Gainera, artrosiari eta artikulazioetako beste hainbat arazori hobeto eusten laguntzen die kirolak. Psikologikoki ere, mugimenduak hormonetan eta neurogarraiolarietan eragina du, lasaiago eta alaiago egoten laguntzen digu.
Mugimendua botika bat baldin bada, ordea, dosia ondo neurtu behar da. Ez da gauza bera 20 urteko batentzat, ama izan berri den 40 urtekoarentzat edo 75 urterekin minbizia edo bihotzekoa izan duenarentzat, bizitza osoan kirola egin duenarentzat edo traketsa zela sinistuta inoiz egin ez duenarentzat; lan fisikoa duen norbaitentzat edo egun osoa eserita pasatzen duenarentzat. Hori bai, osasuntsuago sentitzea da garaipen onena gehienontzat!
Arazorik edo patologia berezirik ez badago, bidelagun aproposenak fisioterapeutak, prestatzaile fisikoak edo berreskuratzaileak izango dira. Ariketak ondo egiten, kargak pixkanaka handitzen eta gorputzari entzuten lagunduko dizute. Orion, gainera, ezin gara kexatu ditugun profesional ezin hobeez!
Lesioren bat edo gaixotasunen bat badago, ordea, kirol medikuntzan aditua den mediku baten orientazioa jarraitzea da zentzuzkoena.
Kasu horietan, mugimendua ez da debekua izan behar inoiz, ondo gidatutako tratamendua baizik. Erronkarik handiena, ordea, martxan jartzea da. Gorputzak aldaketak ez ditu gogoko, eta buruak aitzakiak jartzen ditu: eguraldi txarra, denbora falta, nekea... Gorputza kexatu egiten da hasieran; giharrak minduta, agian artikulazioren bat puztuta... Eta hori gertatzean zera pentsatzen dute askok: "Hau ez da ona, seguru". Eta bertan behera uzten dute saiakera.
Baina ez dezala balio horrek badakiguna ezeztatzeko! Negoziatu zeure buruarekin, bilatu gutxien kostatuko zaizun hori, eta alfertasunarekin bada ere, mugitu!
Pixkanaka, nagiak ere ohitura hartuko du, eta aktibitate fisikorik gabeko egunak izatea kostatuko zaigu orduan gehien.