Oihane Agirre: "Dirudunena beste mundu bat da"

Onintza Lete Arrieta 2026ko martxoaren 15a

Oihane Agirre, Karibeko Saint Barth uhartean. (Utzitakoa)

Otsaileko Aia-Orio Guka aldizkariko Hitz Tantak ataleko elkarrizketa da honakoa.

Munduko toki esklusiboenetako batean bizi da Oihane Agirre (Orio, 1988), Karibeko Saint Barth uhartean. Munduko aberatsenek han igarotzen dituzte oporrak, eta Agirrek hango jatetxe batean egiten du lan, zerbitzatzen. "Ikusi arte sinetsi ezin den mundu bat" topatu du han, baina epe labur-ertainean Euskal Herrira bueltatuta ikusten du bere burua.

Nolatan ari zara Karibeko irla txiki batean lanean?

Urte askoz Ibizan (Herrialde Katalanak) lan egin nuen, eta han pisukide izan nuen neska frantses batek animatu ninduen hona etortzera. Frantziako Estatuaren barruko irla da hau, eta nire lankide gehienak frantsesak dira. 2023an etorri nintzen. Egia esan, lan egiteko toki ona da, beste lekuekin alderatuta diru asko irabazten delako, eta gainera, astean bi egun jai edukitzen ditugulako. Jaiegunetan oporretan bezala sentitzen naiz, hondartza zoragarriak daudelako eta, gainera, hutsik egoten direlako; dortokekin egoten gara.

Saint Barth irlara ez dira edonolako turistak joaten...

Ez, jende "normalik" ez da etortzen irlara, soilik jende diruduna. Irla oso txikia da, biztanle gutxi ditu, eta oso esklusiboa da, luxuzko dendaz josita dago; apenas dagoen denda normalik. Gabonetan, esaterako, itsasoa megayatez beteta egon da: ehun metroko ontziak ikus zitezkeen helikoptero eta tenis pista eta guzti. Jatetxean, esaterako, bat-batean, 50.000 euroko xanpain botila bat eros dezake bateren batek; erokeria da. Niretzat, dirua alferrik botatzea da, baina dirudunena beste mundu bat da, beste errealitate bat.

Nongo bezeroak joaten zaizkizue jatetxera?

Iparramerikarrak izaten dira gehienak, batez ere estatubatuarrak, baita mexikarrak ere. Puerto Ricotik eta Brasildik ere jende asko etortzen da. Gutxien, europarrak. Haiek behe denboraldian etortzen dira, ziurrenik udan neguan baino opor gehiago edukitzen dituztelako.

Bezeroak hain aberatsak izanda, erraz lortu al zenuen lanpostua?

Erraz-erraza ez da, baina kontakturen bat baldin badaukazu eta aurrez antzeko lanetan esperientzia... Ibizan antzeko lanak egiten nituen, nahiz eta hango maila askoz baxuagoa izan. Beste batzuk aurrena hoteletara etortzen dira lanera, eta gero lortzen dute toki onetan lanean hastea.

Aberatsen barruan ere hainbat motatakoak daude: aberats famatuak, aberats anonimoak...

Bai, Amazonen edo Googleren nagusia zerbitza dezakezu, eta enteratu ere ez egin. Beste batzuk, berriz, denok ezagutzen ditugunak dira: Leonardo di Caprio, Rihanna, Beyonce... Oraintxe hemen egon dira horiek denak.

Goi-denboraldian zaudete. Nolakoa da zure laneguna?

Euskal Herrian neguan denean izaten da hemen goi-denboraldia, eta abuztuan dena ixten da, urakan sasoia izaten delako. Jatetxea ez dugu 19:00ak arte zabaltzen, baina neu 15:30ean hasten naiz lanean, denak perfektu egon behar duelako irekitzerako. Afariak zerbitzatzen ditugu 19:00etatik 23:00etara, eta 23:30etik 01:00ak edo 02:00ak arte edariak zerbitzatzen ditugu.

Kontatzeko moduko bitxikeriarik?

Esaterako, Omaneko printzea zerbitzatua naiz beste edozein pertsona izango balitz bezala. Lagun batek, behin, bitxikeria polita kontatu zidan: irlako etxe batean ari zen lanean maiordomo, eta bezeroari otu zitzaion McDonald'seko hanburgesa nahi zuela, baina gure irlan ez dago saltoki hori, gertuena ondoko irlan dago. Bezeroak handik ekartzeko agindu zion, eta lagunak esan zion hanburgesa hotza iritsiko zela, itsasoz ordubeteko bidea dagoelako. Bada, bezeroak helikoptero bat alokatu zuen hanburgesa erosteko eta etxean jateko.

Langileok jator tratatzen al zaituztete?

Bai. Nik uste dut eskertzen dutela jende arruntarekin harremantzea; beren itsasontzietara gonbidatzen gaituzte, milaka euroko botilak oparitzen dizkigute... Ipuinetako bizitza dirudi.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide