Eduki babestua

Iritsi da Nafarroako produktuak eskatzeko garaia

Erredakzioa 2026ko otsailaren 27a

Errigoraren kanpaina bateko irudia. (ERRIGORA)

Errigorak 'Eskutik eskura' udaberriko kanpaina abiatu du. Herritarrek eskaerak martxoaren 26ra arte egin ditzakete, ohiko bideak erabiliz.

Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko baratzeetako produktuak Euskal Herriko etxeetara ekarri nahi ditu Errigoraren udaberriko kanpainak. Eskutik eskura kanpaina eguneroko kontsumo ohituretan eragiteko helburuarekin prestatu dutela adierazi dute arduradunek: "Kontsumitzeko era aldatuz, ekoizteko moduetan eragiteko bide bat da. Praktikan, oliba olio birjina estra, ardoak eta arroza, pasta, lekale eta kontserba sortak eskaintzen dira, urte guztirako besteko eskaera egiteko gonbidapena eginez, ekoizlearen jatorrizko prezioan eta euskaraz etiketatuta. Eta hau guztia, nola ez, auzolanean egiten dugu, berrehun bat herritan urtez urte lanean ari diren boluntario nekaezinen lanari esker".

Errigoraren komunitateak sortzen duen inpaktua neurtzea zaila da, baina badira zenbait datu esanguratsu. Horietako bat da Errigoraren atzean 900 nekazari baino gehiagoren lana dagoela. "Baina datu esanguratsuena kontsumitzaileen kopurua handitzen doala da, eta beti eskas geratzen direla eskaintzen ditugun produktuak. Gabezia dirudien horrek, erronka berriak ez ezik, baldintzak ere eragiten ditu aurrerapausoak emateko", esan dute arduradunek.

Herritarrek dagoeneko eska ditzakete Nafarroa erdi eta hegoaldeko oliba olio birjina estra, kontserbak, ardoa, arroza, pasta edota lekaleak jatorrizko prezioan eta euskaraz etiketatuta. Iaz bezala, aurtengo eskaintzak ere berrikuntzak izango dituela aurreratu dute. Hona hemen berrikuntza horiek:

• Babarrun zuri ekologikoa.

• Pikillo piper ekologikoak.

• Arbendolak 200 g-ko 6 paketetan eskainiko dituzte: batetik, txigortuak gatzarekin, eta, bestetik, naturalak.

• Pasta sortak ere badituzte: 400 g-ko paketeetan ohiko probentzal zaporedun eta albahaka fussiliariei, kontxa txuriak gehituko zaizkie.

• Ardoa sortetan (6 botilakoak) banatuko badute ere, ekoizle bakoitzak barietatearen araberako eskaintza landuko du (erdi-ondua Azpeak, ondua Lezaunek eta ondu naturala Aristuk). Horiez gain, formatu aldetik aurtengo berrikuntza Mendikoren bag-in-box-a da, 5 litrokoa.

Eskaerak

Errigora askiak eskatzeko epea martxoaren 18an amaituko da, eta Internetez edota telefonoz eska daitezke; Internetez, errigora.eus webgunean, edo telefonoz, 848-87 12 23 zenbakira deituz.

Saskien banaketa

ORIO Orioko Herri Ikastolan, maiatzaren 8tik aurrera, ikastolaren ordutegian.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide