Arrastoa utzi duten hiru ibilbide

Julene Sorarrain 2026ko otsailaren 26a

Ezkerretik hasita, erretiroa hartu duten Amaia Usandizaga arkitekto teknikoa, Jabier Zabaleta udaleko euskara teknikaria eta Imanol Urkizu Kultur Etxeko atezaina. (Arnaitz Rubio Aprea)

Urte luzez, herriko paisaiaren parte izan dira Amaia Usandizaga arkitekto teknikoa, Jabier Zabaleta euskara teknikaria eta Imanol Urkizu Kultur Etxeko atezaina. Hirukoteak 2025ean hartu du erretiroa, baina oraindik gogoan dituzte lehenengo egunetako oroitzapenak, baita erronkak ere, eta Oriok denboran zehar izan duen bilakaeraren lekuko izan dira. Urtarrileko Aia-Orio Guka aldizkariko erreportajea da honakoa.

Amaitu berri den urtean erretiroa hartzeko unea iritsi zaie herrian ezin ezagunagoak diren Orioko hiru udal langileri: Jabier Zabaleta euskara teknikariari, Imanol Urkizu Kultur Etxeko atezainari eta Amaia Usandizaga arkitekto teknikoari. Hirurek duela gutxi agurtu dituzte beren lanpostuak. Zehazki, elkarrizketa hau egindako egun berean hartu du Usandizagak erretiroa, eta agur berezia emateko festa du zain udaletxean. Urte luzez aritu da hirukotea proiektu batetik bestera saltoka, baina oraindik gogoan dituzte bulegora iritsi berritako lehen egunak.

Zabaleta oriotarrak 1985. urtean bukatu zituen Psikologia ikasketak. Pedagogiarekiko interesa ere bazuen, eta mundu horretan murgilduta zebilela, Orioko Udalean itzultzaile lanpostua kaleratu zuten, 1987. urtean, zehazki. "Garai hartan, udalbatzarretako aktak gaztelaniaz egiten zituzten, eta zinegotzi batzuek euskaraz jasotzeko eskaera egin zuten. Lanean hasi eta sei hilabete igaro nituen itzulpenak egiten", kontatu du. Bitarte horretan, "lardaska" ematen hasi zirela esan du, ez bakarrik itzulpenarekin, baita euskararen sustapenarekin ere. "Horrek bidea zabaldu zuen, eta zinegotzi batzuek euskara teknikari baten beharra nabaritu zuten. Hainbat kontratu izan nituen, bata bestearen segidan, eta, ondoren, 1989an, udalak postu bat ateratzea erabaki zuen". Geroztik, Zabaleta euskararen sustatzailea eta dinamizatzailea izan da Orion. "Hori zen niri interesatzen Lerro hauen gainean, Amaia Usandizaga Orioko Udaleko arkitekto teknikoa. Ondoko orrian, erretiroa hartu berri duten Usandizaga, Jabier Zabaleta udaleko euskara teknikaria eta Imanol Urkizu Kultur Etxeko atezaina. 18 GUKA 2026-UrtArrilA zitzaidan gaia, ordurako Euskal Herrian Euskarazen ibilia nintzelako eta banuelako euskalgintzarako joera. Hasieran uste nuen euskararen sustapena Orion hamar urtetan menderatuta edukiko genuela, baina oraindik euskara teknikarien premia dago", aitortu du.

Amaia Usandizaga udaleko arkitekto tekniko ohia. (Arnaitz Rubio Aprea)

Usandizaga ere garai hartan batu zen udal teknikarien taldera. Bartzelonan burutu zituen Arkitekto Tekniko ikasketak, eta horiek amaitu bezain laster, aparejadore hasi zen lanean. "Udalean lortu nuen postua. Hasiera batean, aholkulari gisa egiten nuen lan, astean behin, ostiraletan", gogoratu du. Hasiera hartan txostenak egiten zituen, baina 1989. urtean, lanaldi erdiko kontratua egin zioten. "Hasieran hartan ni bakarrik egoten nintzen bulegoan, eta arkitektoa astean behin etortzen zen, aholkulari lanetara. Hamar urtera edo, Fernando Gajate arkitektoa kontratatu zuten lanaldi osoz, eta duela 23 urte, gutxi gorabehera, gaur egun dauden arkitektoa eta administraria batu ziren bulego teknikora. Ordutik hirurok elkarrekin egin dugu lana. Modu batera ala bestera, beti aritu naiz udalean lanean", esan du.

Urkizu urte batzuk beranduago iritsi zen Kultur Etxera; hain zuzen ere, 2006ko irailean. Herritar asko Orioko kultur eta aisialdi ekitaldi gehienetan Urkizu lanean ikustera ohitu diren arren, lehen Zarauzko altzarien enpresa batean egiten zuen lana. "Gogoan dut Kultur Etxeko atezainaren lanpostua atera zuela udalak, lanaldi erdirako, Patxi Ostolaza jubilatzen zela eta, haren ordezkoa hartzeko. Nik, egia esan, momentu hartan ez nuen kargua hartzeko asmorik, baina emazteak nire izena eman zuen udaletxean. Nire curriculuma prestatu zuen, eta honakoa esan zidan: 'Imanol, zure historia aldatu nahi baduzu, orain da momentua'". Egun batzuk beranduago, abisua jaso zuen udaletik, eta Oriori buruzko galdetegi batzuk erantzun ondoren, atezain postua lortu zuen Urkizuk.

Herri baten bilakaera

Hirurak 1962. urtean jaioak dira, eta kontatu dute beren lanpostuek, eta, oro har, Oriok, izugarrizko bilakaera izan dutela urteotan. Bilakaera hori, dena den, bakoitzak bere bulegotik bizi izan du. Usandizaga udalera iritsi zenean izaten zituen egiteko ia gehienak obren ingurukoak zirela kontatu du. "Geroago etorri ziren brigadaren ardurak, herriaren mantenua, lorezaintza edota kaleetako argien kudeaketa. Hasieran nik ez nituen ardura horiek, batik bat txostenak egitea zen nire lehentasuna, baina gerora handitu egin dira herriko zerbitzuak: besteak beste, eraikin publikoak eta horien mantenua, garbitzaileen eta brigadaren kudeaketa. Udalean lanean hasi nintzenean langile bakarra nintzen sailean, baina orain lau lagunek jarduten dugu. Herria asko hazi da, eta dena biderkatu egin da", azaldu du.

Urkizu bat dator Usandizagarekin, eta esan du gauza bera gertatu dela Kultur Etxearen kasuan ere. "Urteen poderioz, herria hazten joan den heinean, gauza gehiago egitea eskatzen dizute. Atezain lanetan hasi nintzen, baina azkenean, soinu teknikari, kultur laguntzaile edota festetako antolakuntzan jardun dut; atezain lanpostu horretatik adar asko atera dira, ustekabean. Kultur arloan, adibidez, ez dute zerikusirik lehengo eta oraingo ekitaldiek eta egoerak", iritzi dio.

Hain justu, Usandizagak oraindik gogoan du Kultur Etxeko eraikin zaharraren eraispena. "Kultur Etxe zaharra bota eta berria egin zenerako udalean ari nintzen lanean. Hasieran ez zegoen Kultur Etxerik, Eskolak izeneko eraikin bat baizik. Gogoratzen naiz eraikinaren kanpoaldean egon nintzela Lazkano bertsolariarekin erakina nola botatzen zuten ikusten. Ondoren etorri dira Karela kiroldegia, Arraunetxe, udal kanpinaren handitzea, Kosta tailerra, Ostargiren lokala, Saregile emakumeen etxea, Azurza edota Danbolin musika eta dantza eskola. Eraikin horiek guztiak ez zeuden lehen", kontatu du. Halaber, aparejadoreak azpimarratu du "beharraren arabera" moldatu direla egoera berrietara, nahiz eta batzuetan "apur bat atzetik" ibili.

Udaleko langile jubilatuak, Kultur Etxeko balkoian. (Arnaitz Rubio Aprea)

Zabaletak ere denboran atzera egin du herriak izan duen garapena ilustratzeko asmoz. "Udalera iritsi ginenean, ez zegoen ordenagailurik; dena eskuz egiten genuen. Nire bulegoan mahai handi bat nuen, eta gainean telefono bat eta paperak soilik; izan ere, horiek ziren gure lan tresnak. Denbora pasatu ahala, gizartearekin batera joan gara egokitzen. Udaleko lehendabiziko ordenagailua niretzat izan zen; diru laguntza baten bitartez lortu genuen", gogoratu du teknikari ohiak.

Gogoan du garai hura Usandizagak: "Word Perfect programa erabiltzen ikasi genuen Kultur Etxean; langile gehienok ikastaroak egin behar izan genituen ordenagailua erabiltzen hasteko. Gure informatikoa Jabier zen; izan ere, berak bakarrik zekien ordenagailuez hasieran". Urkizuk gogoan du garai hartan Zabaletak egiten zituela kultur jarduerak iragartzeko kartelak, informatikaren eta Photoshoparen inguruan zuen ezagutza tarteko. "Jabier comodin bat zen, bai euskararen erabileraren inguruko kontuetarako, bai kartelak egiteko", esan du.

Usandizagak herriko zerbitzuek izan duten garapenean jarri du arreta. "Lorezaintzarekin hasi ginenean, esaterako, lorerik ez zen jartzen berdeguneetan, eta belarra bakarrik mozten zuten beharginek. Hasieran 10.000 metro koadro genituen horretarako, eta orain ia 100.000 metro koadro ditugu loreak jartzeko", zehaztu du aparejadore ohiak. Hasiera batean, brigada 20 GUKA 2026-UrtArrilA arduratzen zen lorategien mantenuaz; orain, ordea, udalak enpresa bat du kontratatuta lan horiez arduratzeko.

"Garbiketarekin gauza bera gertatu da: hasieran bi langile bakarrik aritzen ziren horretan, eta orain sei dira; horiek hiru ibilgailuren eta ekortzeko bi makinaren laguntzarekin jarduten dute". Aldi berean, Usandizagak azaldu duenez, lanean hasi zirenean ez ziren existitzen Arrantzale, Erribera edota Bikamiota kaleak, eta hondartzako eremuaren zati handi bat basatia zen. "Dagoeneko existitzen ez den herri batean hasi ginen lanean", gehitu du Zabaletak. Urkizuk "telefonorik gabeko Orio" ezagutu dutela ere kontatu du: "Telefono kabinetatik hitz egin behar izaten genuen, eta ez ume ginela; izan ere, 18 urterekin oraindik hala komunikatzen ginen".

Herriko zerbitzuak ez ezik, herritarrek udalarekiko duten "pertzepzioa" ere aldatu egin dela iritzi dio Usandizagak: "Lehen, kontsulta bat egitera gerturatzen ziren herritarrak udalera, eta orain guztiz aldatu da hori. Exijentzia maila igo egin da, ez bakarrik udalarekiko, baita bizilagunen edo auzotarren artean ere. Liskar gehiago izaten dira komunitateetan, eta oro har, jendearen arteko harremana aldatu egin da". Zabaletaren aburuz, Orio herri txikiagoa, "homogeneoagoa" zen lehen. "Denok 'berdintsuak' ginen, eta harremanak gertuagokoak ziren. Gainera, frankismotik gentozen, alegia, administrazioarekiko 'gehiegizko errespetua' existitu egiten zen. Udaletxera joatea, fabore eske joatea bezala zen; beldurrez joaten zinen. Gaur egun, udala zerbitzuak ematen dituen erakunde bat da, eta jendeak, gainera, exijitu egiten dizkio zerbitzuak, ez eskatu", gehitu du.

Ogibidearen komeriak

Erretiroa duela gutxi hartu duten arren, bizi izan duten prozesua erraza izan dela kontatu du hirukoteak. Usandizagak azken lan urteak "arinagoak" izan direla esan du. "Urte zailagoak bizi izan ditugu, eta orain, lantalde handiagoarekin, errazagoa izan da ibilbideari inongo traumarik gabe amaiera ematea. Iritsi zaigu erretiroa hartzeko eta datozenei lekua uzteko momentua".

Imanol Urkizu Kultur Etxeko atezain ohia. (Arnaitz Rubio Aprea)

Batzuentzat oso agerikoa ez den arren, udaleko lanaren ezaugarrietako bat da lau urtero, alkatea ez ezik, erakundeko lantaldeak eta arloetako arduradunak aldatu egin daitezkeela. "Bulego tekniko bakoitzak zinegotzi bat du, eta lau urtetik behin aldatu egiten da pertsona hori. Horrek gure lanean badu eragina, txostenak egiteko garaian legeak modu berean mantentzen diren arren, filosofia eta harreman pertsonalak aldatu egiten direlako. Izan ere, pertsonak daude alderdi politikoez harago. Nik EH Bilduko, EAJko eta PSE-EEko arduradunak izan ditut, eta sigletatik haratago, pertsonak dira ordezkariak. Ez zait kostatu aldaketetara egitea, baina egokitu egin behar duzu", azaldu du aparejadore ohiak.

Aldaketa horiek udaleko lanaren ezaugarri direla esan du Zabaletak. "Aldaketa horiek agian ez dute ezer asko baldintzatzen udal handietan, prozedurak dagoeneko oso zehaztuta daudelako. Orioren tamainako herri batean, aldiz, bai. Esaterako, euskara arloko zinegotziaren arabera, interes gehiago ala gutxiago egon daiteke tiratzeko; izan ere, agian, beste eremu batean jarri nahi du indarra", esan du.

Itzaletik argitara

38 dira Usandizagak udaleko arkitekto tekniko postuan igaro dituen urteak, eta kontatu duenez, "gizonezkoen mundua" zen udalera iritsi zen garai hartan. "Gaur egun, Foru Aldundikoekin bilerak egin izan ditugunean, ikusi izan dute alkatea emakumea dela, baita arkitektoa, zinegotzia edota neu ere. Udalera sartu nintzenean, ordea, gizonezkoak ziren ia kide gehienak. Pentsa, Arkitektoen Elkargoan kolegiatu nintzenean, bosgarren edo seigarren emakumea nintzen, eta 906 da nire zenbakia. Orain, ordea, askoz emakume gehiago daude kolegiatuta. Bidea egin dugu, kontziente izan gabe, borroka hori egiten ari ginela; garapen handia egin da".

Zabaletak udala asko "feminizatu" dela gehitu du, eta gaur egun, udaletxeko lanpostu askotan emakumeak daudela esan. "Gainera, postu garrantzitsuetan aurki daitezke emakume horiek. Udalera iritsi ginenean, emakumeak bazeuden, bai, baina administrari edota garbitzaile lanetan. Bakailaoa mozten zutenak gizonak ziren, baita zinegotziak ere. Asko aldatu da egoera: gaur egun, emakumea botere postuetan dago, eta teknikari asko emakumeak dira. Udaltzainak emakumeak izatea oraindik bitxikeria da askorentzat, baina Orion asko daude".

Urkizuk, halaber, azpimarratu du garai hartan ez zegoela gaur egun dagoen mugimendu feministaren bultzadarik. "Nik, behintzat, ez nuen ezagutzen. Egon naizen lekuetan beti egon dira emakumeak, bai kulturan, bai abesbatzan... eta nik ez dut sentitu emakumea gutxitu izan dudanik. Agian, lehen emakumeak lanpostu batean egotea arraroa izango zen batzuentzat, baina lan egitearen poderioz, naturalki garatzen joan da prozesua. Jendea ohitu egin da", esan du Urkizuk. Usandizagak zera erantsi du: "Naturalki joan da, baina nik garbi dut gauza batzuk bi aldiz azaldu behar izan ditudala, eta gizonezkoa izan banintz, ez nukeela hala egin beharrik izango. Arrazoitu egin behar izan dut planteatu dudan horren zergatia".

Ezkerretik hasita, Zabaleta, Usandizaga eta Urkizu. (Arnaitz Rubio Aprea)

Udaleko lanpostuek bilakaera handia izan duten arren, gaur egun bere horretan segitzen du zenbait erronkak. Hala esan du Zabaletak: "Nire lehenbiziko lanetako bat udaleko martxa euskalduntzea izan zen. Frankismotik zetozen administrazio guztiak, eta udalak erabat gazteleraz funtzionatzen zuen. Aipatu dugu aktak erdaraz egiten zirela, baina ez hori bakarrik; dena egiten zen erdaraz. Bazeuden oraindik gaztelania ez zekiten herritarrak, eta euskaraz egiten zuten udaletxean, baina barruko lan guztia gazteleraz egiten zen. Azpimarratzeko modukoa da 35 urte inguruko prozesua izan dela". Udalak gaur egun nagusiki euskaraz funtzionatzen du, nahiz eta Zabaletaren arabera, oraindik badauden "leundu beharreko" koska batzuk. "Udaleko ohiko martxa euskarazkoa da, eta asko kostatu den aldaketa handia izan da.

Euskararen arloan egin den lana izugarria izan da, baina hori horrela izan dadin bultzada politikoa egon da; ez beti bera eta ez beti batzuok nahiko genukeen bezain indartsua, baina egon da. Gaur egun euskaraz egitea araua da udalean", gehitu du. Euskararen alorrean dauden erronkak orain "bestelakoak" dira haren hitzetan: azken urteotan etorri diren eta gaur egun etortzen ari diren oriotar berrien "hizkuntza integrazioa" nola landu, hori da erronka nagusia. "Lehen, Orio euskaldunagoa zen: 4.300 biztanle zituen eta ia denak euskaldunak ziren. Gaur egun, euskaraz gutxi edo ia ezer ez dakiten herritarren portzentaje askoz ere handiagoa dugu, eta horiek integratzeko bideak bilatzea da erronka nagusia. Uste dut, euskararen arloan lana egin behar dela oraindik, baina indarra beste leku batean jarrita", esan du Zabaletak.

6.000 biztanle dituen herria izateko, zerbitzu asko ditu Oriok, eta Usandizagak dioenez, ez dago ziur herritarrak horren oso kontziente al diren. "Haur eskola ez ezik, Oriok ludoteka, musika eskola, kiroldegia, arraun kluba, eguneko zentroa, anbulatorioa, emakumeen etxea, Kultur Etxea eta Kosta tailerra ditu. Agian, kontzertuak egiteko eremua txikia da, baina uste dut herritar batek herrian bertan egunerokotasunean behar dituen zerbitzuak beteta dituela. Badakit jolas parke estali bat falta dela, baina jolas parke dezente daude Orion", esan du Usandizagak.

Urkizuk ere ildo beretik hitz egin du: "Edozein arlotan dabilen jendeak du ekintzak egiteko edo lantzeko lekua, eta guztiak udalak mantentzen ditu. Hori ez da herri guztietan gertatzen. Kanpoko jendeak esaten du, harrigarria dela Oriok, hain herri txikia izanik, kultur eta kirol arloan zenbat jende mugitzen duen eta nolako indarra duen ikustea".

Proiektu esanguratsuak

Urte luzeetako ibilbidea du hirukoteak, hala da, eta askotariko proiektuetan parte hartzeko aukera izan dute, Orioren garapenean funtsezko pausoak emanez. Zabaletak, esaterako, espresuki gogoratzen du Euskaraz Gazte izeneko egitasmoa. "1989. urtean hasi ginen lehendabiziko aldiz euskararen kale erabileraren neurketak egiten. Lehen saioetan, gazteen erabilera helduena baino askoz ere baxuagoa zela ikusi genuen: helduen kaleko erabilera %60 zen, eta gazteena, aldiz, %30. Egoera horren aurrean, kanpaina sendo bat egitea pentsatu genuen, gazteak inplikatuko zituena eta gazteen parte hartzearekin euskararen erabilera bultzatuko zuena, hain zuzen", kontatu du. Hori horrela, lauzpabost urtez, Euskaraz Gazte izenburupean, gazte kuadrilla eder bat elkartzea lortu zuten, eta hainbat ekintza antolatu zituzten egitasmo horren harira. "Geroztik, asko aldatu da euskararen panorama; gaur egun gazteak dira euskara gehien erabiltzen dutenak Orion, haurrak eta gazteak, hain zuzen. Proiektu horrekin bereziki gustura geratu nintzen, batez ere oso parte hartzailea izan zelako. Euskararen aldeko mugimendua sortu zen, eta bere eragina izan zuen", gehitu du Zabaletak.

Jabier Zabaleta udaleko euskara teknikari ohia. (Arnaitz Rubio Aprea)

Urkizuk ere istorio berezi bat badu kontatzeko. Duela urte batzuk, kalean galduta zebilen emakume batekin egin zuen topo oriotarrak: Josefa Treku izena zuen emakume hark. Hala kontatu du: "Konturatu nintzen emakume hark abesten zituen abesti asko Resurreccion Maria Azkueren liburuetan zeudela jasota. Hori oinarri hartuta, Jabierrekin hitz egin nuen, eta abestiak grabatu eta liburuxka batean jasotzea erabaki genuen". Musika eskola eta abesbatza batu ziren, gainera, proiektura, eta 21 abestiz osatutako Orio kantari diskoa sortu zuten. "Ekoizpenaz ni arduratu nintzen, Jabierren laguntzarekin, eta proiektu hura bai geratu zela nire barnean... Abesti asko azaleratu genituen lan haren bitartez, ordurako ezagutzen ez zirenak. Bestalde, lanpostuari esker jende asko ezagutzeko aukera izan dut, besteak beste, abeslariak eta antzezleak, eta hori eskertzekoa da".

Usandizagak, berriz, "ikusten ez den" aldaketa baten parte izan dela azaldu du. "Orion lanean hasi nintzenean, ur zikinak eta euri urak elkarrekin joaten ziren ibaira. Azken 37 urte hauetan, apurka- apurka, Kale Nagusiarekin hasi eta herriko gainerako kale guztiak berritu dira, euri urak alde batetik eta ur zikinak bestetik ibairatu daitezen. Lan isila izan da, baina baita handia ere". Dena den, lan edo proiektu txiki batzuk ere "mimo handiz" egin dituela esan du, besteak beste, herriko jolas parkeenak eta eremu berdeenak.

Eta orain zer?

Dagoeneko erretiroa hartuta, Zabaletak eskertu egiten du esnatu eta "momentuan bertan" erabakitzea zer egin nahi duen. Izan ere, egunak familiarekin igarotzeko aukera du orain, bestelako kezkarik gabe.

Usandizagak, bere partetik, ez du hausnartu aldi berrian egin nahi duenaz, baina bidaiatzea du gustuko, eta horretarako baliatuko du denbora librea. "Irakurtzeko joera ere berreskuratu dut. Izan ere, lanean ari nintzela, ezinezkoa zitzaidan istorio batean kontzentratzea".

Urkizuk ere ez du etorkizunera begira ezer aurreikusita, baina Zabaletaren antzera, esnatzearekin, egunak berak erakutsiko dio zer egin nahi duen. "Musika egiteko tarte bat hartu nahiko nuke, eta aldi berean, oso gaztetan ikasi nuen ofizio bati berriro heldu nahi diot: egurraren taillaketari".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide