Zahartzeko dauden manerak, literaturatik ulertu nahian

Julene Sorarrain 2026ko otsailaren 23a

Hainbat entzule, Uxue Alberdik eta Iratxe Retolazak iazko apirilean Saregilen eskainitako hitzaldian. (Julene Sorarrain)

Arantxa Urretabizkaia, Yolanda Arrieta eta Mari Luz Esteban idazleek zahartzaroaren gaia izango dute hizpide bihar, Orioko Saregilen, Iratxe Retolazaren gidaritzapean.

Orioko Udalaren zaintza programaren barruan, Zahartzeko manerak euskal literaturan mahai ingurua egingo dute bihar, asteartearekin, Saregile emakumeen etxean. Arantxa Urretabizkaia, Yolanda Arrieta eta Mari Luz Esteban idazleek parte hartuko dute saioan, eta Iratxe Retolaza literatur kritikari eta ikerlariak gidatuko du solasaldia.

Aurrekari gisa, mahai inguruaren izen bereko irakurketa ikastaroa egin zuten iazko urrian Hernanin (Gipuzkoa), Kulturarteko Plaza Feministak antolatuta. Bertan, zaintzaren inguruko ikuspegiak euskal literaturan nola garatu diren aztertu zuten, eta amaierako saioa, hain justu, mahai inguru bat izan zen. "Orduko hartan, Yolanda Arrietarekin eta Mari Luz Estebanekin egin genuen saioa, Arantxa Urretabizkaiak ezin izan zuelako bertaratu. Interesgarria iruditu zitzaigun hiru idazle hauek elkartzea, izan ere, lehen aldiz euskal literaturan belaunaldi ezberdin askotakoak batera ari dira idazten", kontatu du Retolazak. Hori ez ezik, lehen aldiz historian, emakumeek adin batetik aurrera idazten jarraitu dutela ere gehitu du ikerlariak, eta gertakari horrek, hain zuzen, gai berdin baten inguruko ikuspegi ezberdinak irakurtzea ahalbidetzen duela.

Mahai ingurura bertaratuko diren hiru idazleek zaintzaren eta zahartzaroaren gaiari heldu diote, formatu ezberdinak baliatuz. Alde batetik, Andrezaharren manifestua kaleratu zuen Mari Luz Estebanek 2019. urtean, eta bertan, andre zaharren inguruko imajinario berri bat proposatzen du idazleak, poesiaren bitartez. Yolanda Arrietak Etxe bat norberarena saiakera poetikoa argitaratu zuen 2024an, eta ez du bakarrik zahartzaroaz hitz egiten, baita erretiroaz eta bizitzaren "azken uneko etxeaz" ere. Azkenik, Arantxa Urretabizkaiak Zahartzaroaren maparen bila kaleratu zuen iaz, zahartzaroaren inguruan hainbat gogoeta eginez.

Literaturaren ekarpena

Zaintzaren gaia, "modu esplizituan, ikuspegi eta leku oso ezberdinetatik" jorra daitekeela iritzi dio Retolazak. "Horregatik iruditu zitzaigun aproposa hiru idazleak elkartzea. Izan ere, zahartzeko moduen inguruan pentsatzea bada zaintzaren inguruan pentsatzea ere".

Retolazaren ustetan, literaturak leku askotatik egin dio ekarpena zaintzari eta zahartzaroaren inguruko elkarrizketari. "Guk, besteak beste, zahartzeko maneren inguruan hitz egingo dugu, hiru idazleen ikuspegiak baliatuz. Literaturak, askotan, gure egunerokoan oso arrunt sentitzen ditugun gauzetan fokua jartzea ahalbidetzen digu. Gure begirada arrozten du, eta hori ez ezik, beste batzuen lekuan jartzeko aukera ere ematen digu. Azken finean, gogoetarako aukera eskaintzen digu".

Euskal literaturari eta pentsamendu kritikoari lotuta, ibilbide oparoa egin duten idazleak dira Urretabizkaia, Arrieta eta Esteban, eta Orion egingo duten topaketan, euskal literaturan irudikatu den zahartzaroaz eta zahartzeko moduez hitz egingo dute. Adina nola kontatzen den, mendekotasuna edo autonomiaren galera, zer tokitan jartzen diren zaintza eta erantzukidetasuna, zer estereotipo errepikatzen diren, eta bide berriak zein narratibaren bidez eraikitzen diren izango dute mintzagai arratsaldeko saioan.

"Arteak eta literaturak gizarte kezka askori heltzen diete, eta momentu honetan, zaintzaren inguruko kezka erdigunean dago. Berriagoa dena da zaintzaren esparrua zahartzaroarekin ere lotzen dela orain. Literaturan, orokorrean, protagonista gehienak gazteak edo helduak izan dira beti, gutxi batzuk kenduta, noski", azpimarratu du Retozalak. Azken hamarkadan, ordea, joera hori aldatu egin dela dio ikerlariak, eta gero eta protagonista 'zaharragoak' irudikatzen hasi direla idazleak, baita horiek zahartze prozesua nola bizi duten azaltzen ere. Adibide gisa jarri ditu, besteak beste, Miren Amurizaren, Eider Rodriguezen edota Uxue Alberdiren obrak.

Hitzordua, bihar Saregilen

Mahai ingurua 18:00etan hasiko da, eta sarrera irekia izango da herritar guztientzat, leku guztiak bete arte. Ikus-entzuleek, halaber, galderak egiteko aukera izango dute solasaldiaren amaieran.

Solasaldia udalak abendutik martxora bitartean antolatutako zaintzaren inguruko programaren barruan kokatzen da, eta "zaintzaren ikuspegi zabala herritarrekin batera lantzea eta partekatzea" ditu helburu egitarauak. Mahai inguruak, hain zuzen, kulturatik eta literaturatik tiraka, "zaintzaren gaineko begirada aberasteko eta egunerokoan bizi diren erronkei beste prisma batetik heltzeko aukera" emango du.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide