Aingira Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoan sartzeko eskatu du Eguzkik

Julene Sorarrain 2026ko otsailaren 22a

Aingira europarrak. (Climatica)

Talde ekologistak aingira "egoera kritikoan" eta "segurtasun muga biologikoetatik kanpo" dagoela azpimarratu du. Egoera horren aurrean, aingira Espezie Mehatxatuen Katalogoan sartzeko "berandu" dabilela leporatu dio Eguzkik Eusko Jaurlaritzari. 

Eguzki talde ekologistak aingira europarra –eta, ondorioz, angulak– Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoan sartzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, zehazki, "galtzeko arriskuan" daudenen kategorian. Izan ere, taldearen ustez, aingira oraindik katalogoan ez egotea "anomalia bat" da.

Eguzkik jakitera eman duenez, komunitate zientifikoan adostasun "zabal baino zabalagoa" dute: aingira "egoera kritikoan" dago, "segurtasun muga biologikoetatik kanpo". Hain justu, adostasun horretan du oinarri Eguzkiren eskaerak, eta Leandro Azkue Arrantza sailburuordeak 2025eko abenduaren 10ean Eusko Legebiltzarrean egin zuen agerraldiari erreparatuta, "badirudi Jaurlaritzak berak adostasun hori bere egin duela".

"Sailburuordeak agerraldi hartan ezagutzera eman zituen datuak hain dira gogorrak, ezen Jaurlaritza ezin baita mugatu 2025-2026ko angula kanpaina bertan behera uztera", kontatu du Eguzkik. Izan ere, datu horiei erreparatuta, Jaurlaritza aingira Espezie Mehatxatuen Katalogoan sartzeko "berandu" dabilela leporatu dio talde ekologistak.

Azkuek agerraldi hartan egin zituen adierazpenei erreparatuz, datuak "eztabaidaezinak” direla esan zuen, eta, besteak beste, honako hauek aletu zituen: errioetara gaur egun doi-doi iristen dira 70 eta 80ko hamarkadetan iristen ziren angulen %9a.

Iaz, Gipuzkoa eta Bizkaiko arrantza kuota 550 kilokoa izan zen. "Bada, horietatik 200 ere ezin izan ziren arrantzatu, anguleroek berek lonjan deklaratu zutenaren arabera, behintzat (ezta arrantzarako egunik aproposenak aukeratuta ere)", azaldu du Eguzkik. Aztiri kuota berri bat kalkulatzeko eskatu zioten, txikia izan arren, ea aurten ere nola-halako angula kanpaina ahalbidetu zitekeen. Ez zen modurik izan, datuak "ukaezinak" direlako, Azkuek esan bezala.

Angula Kudeatzeko Plana 2008tik indarrean dagoen arren, "ez dago espeziea suspertzen ari den zantzurik", "ez gara EBren heleburuetara hurbiltzen ari", eta "arrantzaren ondoriozko hilkortasunak ere gora egiten jarraitzen du, behera egin ordez". Errealitatea "egoskorra" da, laburbildu zuen sailburuordeak. Halaber, angula arrantza bertan behera geratzeak izan dezakeen eragin sozioekonomikoa "oso txikia" dela esan zuen, horren inguruko hainbat daturen berri emanez.

Datu horien arabera, aingirak Katalogoan egon beharko lukeela iritzi dio Eguzkik, eta gainera, "galtzeko arriskuan" kategorian, hau da, "beren egungo egoera txarra eragiten duten faktoreek indarrean jarraituz gero, bizirik irauteko probabilitate txikia duten" espezieei dagokien kategorian. Kategoria horretan sailkatuta daude, besteak beste, ugatza, igaraba, muturluzea, bisoia eta lamproia.

Ministerioaren proposamenari buruz

Eguzkik azaldu duenez, Trantsizio Ekologikorako ministro Sara Aagesenek aingira "galtzeko arriskuan" deklaratzeko eta LESPREn (Listado de Especies Silvestres en Regimen de Proteccion Especial) sartzeko proposatu zuen pasa den asteartean. Proposamen hori, hain justu, Basa Flora eta Faunaren Batzordeak egindako bileran defendatu zuen, erkidego autonomikoen ordezkarien aurrean. 

Flora eta Fauna Basatiaren Batzordeak, ordea, ez du onartu Trantsizio Ekologikoko Ministerioak aingira desagertzeko arriskuan deklaratzeko egin duen proposamena.

Informazio horren arabera, Galizia, Asturias, Kantabria, Murtzia, Valentzia eta Balearretako ordezkariak aurka agertu dira. Beste gobernu autonomiko batzuk, berriz, tartean Eusko Jaurlaritza, ez dira alde agertu, eta erabaki bat hartu aurretik "gaia aztertzeko lantalde edo batzorde bat sortzea" eskatu dute. 

"Une honetan, gure baitan nagusi da Napoleoni egotzitako esaldi hura: "Zerbait ez egitea nahi duzunean, osatu batzorde bat". Bitartean, legezkoa izango da arrisku larrian eta segurtasun muga biologikoetatik kanpo dagoen espezie baten kumeak arrantzatzen jarraitzea", azpimarratu du Eguzkik.

Halaber, Eusko Jaurlaritzak "etxekolanak" egin dituela zehaztu du talde ekologistak, izan ere, espeziaren gainbehera islatzen duten datuak "eztabaidaezinak" direla esan du Arrantza sailburuordeak. "Egoeraz egiten duen irakurketa hain argia izanik, gure ustez, aingira Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan sartzea beste biderik ez du Jaurlaritzak, Estatuan gai honi buruz har daitekeen erabakia edozein dela ere", gehitu dute taldeko kideek.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide