Karbono urdindun ekosistemak, aldaketa klimatikoa geratzeko

Julene Sorarrain 2026ko otsailaren 12a

Artxiboko irudian, Oria ibaia.

Azti ikerketa zentroak Zostera noltei espeziea landatu du Oria ibaiaren itsasadarrean, landareak atmosferatik karbonoa xurgatu eta aldaketa klimatikoan eragin positiboa izan dezan. Proiektuaren nondik norakoak azaldu ditu Joxe Mikel Garmendia Aztiko doktore eta ikerlariak.

Orioko Udalak, Azti ikerketa zentroarekin elkarlanean, Oria ibaian karbono urdindun ekosistemak lehengoratzeko lanen lehen fasea amaitu du. Ekintza horren helburua da "ingurumenaren babesa, biodibertsitatearen kontserbazioa eta klima aldaketaren aurrean jarduteko konpromisoa" uztartzea. Zer dira, ordea, karbono urdindun ekosistemak, eta zergatik dira hain garrantzitsuak? Proiektuaren nondik norakoak azaldu ditu Joxe Mikel Garmendia Aztiko doktore eta ikerlariak.

"Jakina da atmosferatik karbonoa xurgatzeko modu bat landareak erabiltzea dela, eta hori da guk egin duguna, hain justu. Landarerik ez zegoen eremu bat aurkitu, eta bertan landaketak egin ditugu", kontatu du Garmendiak. Horretarako, gaur egun "okupatuta" dauden eremuak baztertu dituzte, besteak beste, eraikuntzarako, ustiaketarako edota nekazaritzarako erabiltzen diren lur lehorrak, eta "itsaso alderantz" jo dute, zehazki, Oriaren itsasadarrera.

Bertan, iazko uztailetik abendura arte, Zostera noltei izeneko landare espeziea landatu dute. "Espeziearen izen ofiziala Nanozostera noltei da, eta babestua dagoen landare bat da. Beraz, proiektu honen bitartez, alde batetik, galtzeko arriskuan dagoen landare bat babestu dugu; eta bestetik, karbono urdindun ekosistemak lehengoratu ditugu", azaldu du Garmendiak. Landarearen funtzioari dagokionez, karbonoa xurgatzeko eta metatzeko gaitasuna du, eta klima aldaketaren aurkako aliatu naturala da.

Ez da Aztiko ikerlariek Zostera noltei espeziea landatu duten lehenengo aldia, izan ere, 2008. urtean espezie horren landaketak egin zituzten Butroe (Bizkaia) inguruan, eta emaitza "oso onak" lortu zituzten. "Landaketa haren helburua landare espeziea babestea izan zen, eta egitasmo hartatik ikasitakoa proiektu berri honetan aplikatu dugu".

Hori horrela, hiru lehengoratze teknika erabili dituzte proiektuan: beste itsas belardi batzuetatik ekarritako landare zatien transplantea; beste estuario batzuetan bildutako hazien ereintza; eta itsasertzera iristen diren landare hondakinen birlandaketa. Itsasadarraren hiru gunetan egin dituzte lan horiek, aho inguruan eta erdialdeko bi eremutan, zehazki. Orioko Udalak esan duenez, "horri esker, ingurune desberdinetan egindako esku hartzeen bilakaera alderatu ahal izango da".

Nolako ondorioak izango ditu, ordea, egitasmo honek? Udalak jakitera eman duenez, proiektuak "onura zuzenak" ditu ingurumenean zein herritarrengan, "ekosistemak sendotzeaz gain, itsasadarraren kalitate ekologikoa hobetzen duelako eta naturan oinarritutako irtenbideak sustatzen dituelako klima aldaketari erantzuteko".

Bigarrengo fasea, martxan

Lehenengo fasea amaituta, proiektuari jarraipena emango diote datozen urteetan. Garmendiak argitu duenez, hurrengo pausoa orain arte egindakoari "jarraipena" ematea da. "Bigarren fase honen 'arazoa' da epe luzerako fasea dela. Izan ere, hemendik bost urtera arte ezin izango ditugu ikusi emaitzak. Bitartean, landaketak zein ondorio edo eragin positibo izan dituen ikertuko dugu. Prozesu hori, tamalez, oso-oso mantso joango da".

Hori ez ezik, etorkizuneko jarraipena egiteko oinarri zientifikoak ere ezarri dituzte, eta sedimentu laginak hartuta, itsas belardiek modu naturalean zenbat karbono metatzeko ahalmena duten ikusi ahal izango dute datozen urteetan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide