Orioko frontoi berriaren kokaleku posibleen azterketaren emaitzak aurkeztuko dituzte otsailaren 5ean, ostegunarekin, 19:00etan Kultur Etxean. Bertan izango dira XS arkitektura bulegoko ordezkariak, azterketaren nondik norakoak eta emaitzak azaltzeko. Halaber, kokaleku bakoitzak eskaintzen dituen aukeren berri ere emango diete herritarrei.
Hain zuzen ere, iazko urrian abiatu behar zituzten frontoi zaharra eraisteko lanak. Prozesua, ordea, uste baino gehiago atzeratu da "azpiegitura elektrikoarekin lotutako arrazoi teknikoengatik". Lanek, gainera, eragina izango dute herriguneko trafikoan, eta horregatik, eraisketa data jakin bezain laster, horren berri emango dute.
Frontoi berriaren kokalekua erabaki aurretik, udalak aukera posibleak aztertzeko enkargua egin zion XS arkitektura bulegoari, eta honek bi eremu posible aurreikusi ditu: alde batetik, Palota eremua, KTAren iparraldean; eta bestetik, Abaromendi eremua, Zaragueta Herri Eskolaren sarrera berriaren ekialdean, zehazki.
Hala, arkitektura bulegoak eremu bakoitzaren ezaugarriak aztertu ditu, eta horien araberako irudikapen bat proposatu dute, "behin betiko proiektuak oraindik definitzeke badaude ere".
Hori ez ezik, udalak herri galdeketa egitea aurreikusi du, bi kokaleku posibleen artean herritarrek zein nahiago duten jakiteko asmoz. Hori horrela, herritarren iritziak jaso ondoren, eta kokalekua definituta dagoenean, frontoi berriaren behin betiko proiektuari emango diote hasiera.