Haria zure hirugarren diskoa da. Bizitzako zein puntutan ondu duzu lana?
Duela lau urte utzi nituen oholtzak. Arazo batzuk izan ditut nire barnean, eta banekien konpondu egin behar nituela bai ala bai, berriro oholtzara itzuli nahi banuen. Izan dudan arazo bakoitza abesti batean islatu dut, hau da, Haria diskoko zortzi abestiek nire zortzi pasarte pertsonal islatzen dituzte.
Izenburuak batasuna edo konexioa iradokitzen du. Zer esanahi du haria hitzak zuretzat?
Esan bezala, nire arazoetan murgilduta nengoen; askotan edozer gauzagatik kexatzen nintzen. Hala ere, ibilbidean konturatu naiz guztiok ditugula arazoak eta bizitza bera horrelakoa dela. Momentu on batean egon arren, etengabe etorriko dira korapiloak, zuk hala nahi ala ez. Korapilo bakoitza banaka-banaka askatzen ikasi dut, izan ere, askatu gabeko korapiloak uzten baditugu gure atzean, aurretik datozenak askatzeko zailtasunak izango ditugu. Hori gertatu zait niri: arazo guztiak elkartu zitzaizkidan eta konturatu nintzen bazutela nolabaiteko lotura beren artean.
Nolakoa izan da zortzi abestiak sortzeko prozesua?
Nire aurreneko bi diskoak autoekoizpenak izan ziren: txoko bat dut musika egiteko, eta instrumentu guztiak nik grabatu nituen, baita kantak nahastu eta masterizatu ere. Hirugarren disko honekin, ordea, lanak banatzea erabaki dut, eta ahotsak nire etxean grabatu ditudan arren, instrumentuak Josu Erviti musika ekoizlearen estudioan grabatu ditugu. Alde horretatik, lasaiago ibili naiz prozesu honetan.
Ba al dago disko honetan egin duzun zerbait, lehen agian ausartzen ez zinena?
Nire lehenengo diskoan gehien entzun daitekeen instrumentua trikitia da. Azken finean, hamar urte igaro nituen trikiti txapelketetan parte hartzen, eta normala da jendeak ni trikitilari gisa ikustea. Hala ere, haurra nintzenetik aritu naiz pianoa jotzen, baita abesten ere. Eta bigarren eta hirugarren diskoetan, trikitiari garrantzi txikiagoa eman diodala nabari daiteke. Erabaki hori hartzea, ordea, asko kostatu zait. Izan ere, sentitu dut nolabaiteko dependentzia dudala jendearen aurreikuspenekiko. Baina, azken finean, ni neu sentitu behar naiz guztiz eroso. Denok aldatzen goaz, eta orain gorputzak gehiago eskatzen dit pianoari edota ahotsari beren lekua ematea.
Abesti bana sortu duzu Uxue Kerejetarekin eta Danae Riañorekin. Nola sortu zen lankidetza hori?
Izugarrizko plazera izan da beraiekin lan egitea. Danae ezagutu nuen Esti Markezen taldean baxua jotzen duelako, eta bere musika esploratzen hasi nintzen. Bere ahotsaz eta espresatzeko moduaz maitemindu nintzen, eta nirekin kolaboratzea proposatu nion. Egia esan, oso lankidetza erraza izan zen. Uxue ere dagoeneko ezagutzen nuen, izan ere, biok trikiti txapelketetan parte hartu izan dugu, berak pandero jotzaile gisa. Beti elkarren aurka lehiatu gara, eta oraingoan, nire taldean sartzea proposatu nion, bigarren ahotsak egiteko. Baiezkoa eman zidan eta disko honetan ere parte hartu du, Haria abestian, hain zuzen.
Ba al dago bereziki harro sentiarazten zaituen abestirik?
Norbera garena abestiak esanahi garrantzitsua du niretzat. Urte asko igaro ditut nire identitate sexuala isilpean gordetzen, gehienbat umea nintzela argitaratu nuelako eta, ondorioz, eskola jazarpena jasan nuelako. Oso isilik mantendu izan dut orain arte, eta aurten 30 urte betetzera noanez, momentu aproposa iruditu zait musikaren bitartez argitara emateko. Bestalde, Harrapatu zaitut abestia ere gustuko dut. 20 urte baino gehiago igaro ditut osasun arazoekin, eta inork ez du lortu identifikatzea zer gertatzen zaidan. Baina Interneti esker, azkenean 'harrapatu' nuen zer gertatzen zaidan: munduan 300 pertsona inguruk duten kondizio bat da nirea. Abestiak keinua egiten dio arazo horri.
Durangoko Azokan diskoa aurkezteak balio sinbolikoa du. Nola bizi izan zenuen esperientzia hura?
Musikaren munduan urteak igarotzen badituzu ezkutuan, jendea zutaz ahazteko arriskua dago; izan ere, ez bazaude presente une oro, erraza da salmentak eta bisitak galtzea. Horrek beldurra ematen zidan. Hala ere, kopia guztiak saldu nituen azokan, eta oso gustura geratu nintzen esperientziarekin. Nire estiloan ere aldaketa bat egon da, eta beste entzule kopuru batengana iristea lortu dut.
Duela lau urte utzi zenituen oholtzak. Diskoa kaleratuta, berriro igotzeko asmoa al duzu?
Uztailaren 17an eskainiko dut kontzertua Aiako Probalekuan, Oinkari dantza taldearekin batera. Gainera, bost musikari izango ditut oholtzan ondoan: perkusioarekin Iker Telleria, baxuarekin Amaiur Cajaraville, gitarrarekin Gorka Urra, panderoarekin eta ahotsean Uxue Kerejeta, eta teklatuarekin Beñat Armentia.