Abian da Orioko Futbol Taldearen 2025-2026 denboraldiko kromo bilduma

Onintza Lete Arrieta 2026ko urtarrilaren 19a

Klubak atzo arratsaldean jarri zituen eskuragarri klubeko jokalari eta entrenatzaileak protagonista dituen kromoak, eta jokalari bakoitzak album pertsonalizatua erosteko aukera izan zuen. Gaurtik aurrera, salgai daude herriko hainbat saltokitan. "Herritarrei eta gure jokalariei zerbitzu bat eman nahi genien", azaldu dute klubeko ordezkariek. 

Orioko Futbol Taldeko benjaminen aurpegiak ikusi besterik ez zegoen atzo; nolako poza eta emozioa, klubak sortu duen 2025-2026 denboraldiko kromo bilduma eskuetan hartu zutenean. Album pertsonalizatuak egin ditu klubak; hala, jokalari bakoitzaren kromoa agertzen da albumaren azalean. 577 album pertsonalizatu atera dituzte, jokalari, entrenatzaile eta laguntzaile bakoitzeko bana. Album normalak erosteko aukera ere badago, gaurtik salgai baitaude Aian Haize berri kafetegian, eta Orion, Une Goxoa goxoki dendan eta Kutixi kafetegian.

Albumak eta kromoak atzo aurkeztu zituzten Herriko Plazan, 16:00etan, eta dezenteko ilarak sortu ziren horiek eskuratzeko. Gainera, errepikatu gabeko 23 kromo pakete erosteko aukera izan zuten jokalariek 25 euroan. Gaztetxoenak plazan bertan, berehala hasi ziren kromoak ikusten, albumean itsasten nahiz elkarri aldatzen. 

Esker hitzak

Aurkezpenean klubeko kideek informazio praktikoa eman zuten, eta herriko bi gaztetxo futbolzaleri –Adei eta Beñati– aitortza xumea egin zieten, beraiek agertzen baitira album guztien azalean. Modelo lanak egiteagatik klubak haiei ere album eta kromo pack bana eman zizkien. 

Horrez gain, klubak txaloak eskatu zituen albumeko argazki guztiak atera dituen argazkilariarentzat, Asier Sanchez Teo oriotar gaztearentzat. "Sekulako pazientzia eduki du eta oso eskertuta gaude", esan zuten. 

Dirua baino gehiago, zerbitzua

Orioko Futbol Taldeak diru pixka bat lortuko du egitasmo honekin, baina arduradunek Gukari azpimarratu zioten helburu nagusia jokalariei eta herritarrei "zerbitzu bat ematea" dela, eta jokalari gazteenen artean ilusioa piztea. "Egitasmo polita" dela uste dute. 

Klubak hainbat sari ere banatuko ditu, kromoen artean kromo berezi batzuk sartu baititu. Gainera, albuma osorik betetzen duten aurreneko jokalariei beren kromoaren irudia A4 tamainan oparituko die klubak. Horretarako, albuma osatu bezain laster eraman beharko dute hori Mendibeltzera, eta arduradunei erakutsi. 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide