Zaintzak Plazara gogoeta saioen barruan, Hitz egin dezagun zaintzaz ikastaroari emango diote hasiera datorren astelehenean. Saio hauen helburua da herritarrei "zaintzaren alor ezberdinei buruzko informazio praktikoa eta tresna eraginkorrak" eskaintzea.
Orioko Udalak 2024ko martxoan eman zion hasiera zaintzaren inguruko gogoeta eta sentsibilizazio prozesuari, Zaintzak Plazara ekimenaren bitartez. Ondoren, zaintzarekin lotutako herriko eragileekin, elkarteekin eta herritarrekin bilera ugari antolatu zituen, eta horri esker, urte bukaeran Orioko Zaintzaren Diagnostikoa aurkeztu zuen. Dagoeneko herriko zaintza sistema eraldatzeko gidalerroak finkatuta, martxora arte luzatuko den Zaintzak Plazara gogoeta saioak eskainiko ditu. Jarduera horien helburua da zaintza ikuspegi "zabal eta komunitariotik" lantzea, eta aldi berean, herritar guztien hausnarketa bultzatzea.
Hori horrela izanda, hauek izango dira ikastaroko hitzorduak:
- Urtarrilak 12: Zaintza pertsonalak – Zaintzak ez dira inprobisatzen.
- Urtarrilak 19: Zaintza medikuak – Aurretiazko borondateen agiriak.
- Urtarrilak 26: Zaintza administratiboak – Notario ahalordeak.
- Otsailak 2: Zaintza ekonomikoak – Testamentua eta baliabide sozialak.
Saio guztiak astelehenetan izango dira, 17:30etik aurrera, Kultur Etxean, eta Olaia Arana gizarte langile eta Gipuzkoako Esku-hartze Sozialeko Etika Batzordeko kideak gidatuko ditu.
Solasaldietan parte hartzeko, interesdunek izena eman dezakete galdetegi honen bidez; ez da ezinbestekoa saio guztietan parte hartzea, norberaren interesen arabera egin daiteke aukeraketa. Izen-ematea zabalik egongo da urtarrilaren 12ra arte.