Orioko haurren gutunak jaso ditu Bizarzurik

Julene Sorarrain 2026ko urtarrilaren 5a

Oriotarrek Bizarzuriren bisita jaso dute gaur goizean Herriko Plazan. Ehundaka haurrek osatutako ilara luzea egin da plazan, Errege Magoentzako gutunak jasotzeko. Desfilea, aldiz, gaur iluntzean izango da, 18:00etan hasita. 

Goizean goiz iritsi da Bizarzuri Oriora. Herrian, kalez kale ibili da oriotarrak agurtzen, eta ondoren, Herriko Plazan egin du geldialdia haurren gutunak jasotzeko eta gozokiak banatzeko. Bertan, gaztetxoek gutuna hiru postontzi ezberdinetara botatzeko aukera izan dute, hala nola, Meltxorren, Gasparren edota Baltasarren postontzira. 

Iluntzearekin batera helduko dira Errege Magoak Oriora, hain zuzen. 18:00etan hasiko da desfilea eta Orioko kale batzuk zeharkatu eta gero, Herriko Plazara helduko dira erregeak. Bidean aurkitzen dituztenen artean gozokiak banatuko dituzte Meltxor, Gaspar eta Baltasarrek, eta herritarrak ohera joan bezain laster hasiko dira opariak banatzen, etxez etxe.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide