Altxa Burua Orio taldeak kartel bat argitaratu du, Gabonetan haur eta gaztetxoei smartphonerik ez oparitzeko gomendatuz, eta bere iritzia arrazoitzeko bost puntu zehaztu ditu: batetik, esan du gaur egun jakina dela ez dela egokia 16 urte baino gutxiago dituzten gaztetxoentzat. Horrez gain, bestelako aukerak badaudela azaldu du, esaterako, "tekladun gailuak". Eta tresna bat dela gaineratu du, eta opari gisa ematea ez dela ideia ona. "Gurasoak gara jabeak eta mugak eta arauak ezarri behar ditugunak", iritzi dio.
Gaztetxoen garapen egokia oztopatzen duela ere esan du taldeak, eta smartphonea esku artean edukita, "beste gauza batzuk egiteari uzten" diotela.
Azkenik, Altxa Burua Oriok uste du helduek beren erabilera "berrikusi" behar dutela: "Gutxieneko adinak eta kontrol parentalak ezagutu eta familiako plan digitala eraiki beharko genuke smartphone bat eskuratu baino lehen".