Eskolekin eta eskola umeekin lotu izan da hezkidetza kontzeptua, baina berez herri bateko erakunde, talde eta biztanle guztiei eragiten dien gaia da, edo eragin beharko liekeena. Horixe uste dute Orioko Hezkidetza Mahaiko kideek. Hezkidetzaren helburua, izan ere, honakoa da: norbanako guztiak berdintasunean eta bazterkeriarik gabe heztea, betiere aniztasuna oinarri hartuta.
Amelia Barquin hezkuntza aditu eta ikerlariak honakoa gaineratzen du: "Desberdintasunetatik abiatuta, berdintasunean heztea". Mahaiko kideek uste dute herri mailako plan bat beharrezkoa dela, eta aurten aurreneko urratsa eman dute: hezkidetza diagnostikoa egitea. Txostenak ehundik gora orrialde ditu eta herritarren eskura dago, baina Gukak eduki horren mamia gehiago xehatu nahi izan du diagnostikoan parte hartu duten eragileetako batzuekin: Orioko Udala, Zaragueta Herri Eskola, Orioko Herri Ikastola, Txurrumuski aisialdi taldea eta Orioko Mugimendu Feminista. Norbanako batzuek ere parte hartu dute prozesuan, esaterako, Orio Arraunketa Elkarteko arraunlari batzuek, eta horietako batek ere eman du bere iritzia erreportaje honetan.

Diagnostikoa egiteko metodo kualitatiboa erabili du Eihera kooperatibak, eta hori argi utzi dute txostenean egileek, baita gaiaz hitz egiteko mahaiaren bueltan bildu direnek ere: Ainara Munduate Orioko Udaleko zinegotziak azaldu du "momentu jakin bateko errealitatearen argazkia" dela, eta "ez liburu santua". Ainara Peña Orioko Herri Ikastolako zuzendaritzako kideak ere hala uste du: "Hasiera batean eskatzen genuen diagnostikoa bera askoz potenteagoa izatea, baina erabaki zen zerbait martxan jartzea ja, eta azterketa sakonagoak gerorako uztea". Hezkuntza arlokoekin "bi orduko elkarrizketa bat egin zuten eta hori da diagnostikorako erabili den tartea", zehaztu du. "Txostenean atera da atera nahi zena edo gehien azpimarratu nahi zena, hau da, irakurketa zehatz bat dago eginda", iritzi dio. Hala ere, Peñak uste du diagnostiko horretan "pista pila bat" daudela herriko errealitateaz eta jarraitu beharreko bideaz. "Arrazakeriaren gaia, esaterako, uste dut oso gainetik dagoela landuta, baina balio duela esateko zereginak ditugula eta aktibatu egin behar ditugula gauzak".
"Zerbaitetan ez gara asmatzen ari, ez ditugu fruituak ikusten"
Belen Aberasturi (irakaslea)
Haiekin bat datoz mahaiko beste bi kideak, Zaragueta Herri Eskolako Belen Aberasturi eta Nagore Iturralde arraunlaria. Azken horren ustez, diagnostikoak erakusten du bakoitza non dagoen une honetan: "Txostenean argi ikusten da nola batzuk saiatzen diren aurrera egiten eta nola besteek oztopatu egiten duten. Orio ez da soilik ikastetxeak eta Txurrumuski. Herri bat da, eta heziketaren arloan dena hartu behar da kontuan. Eta diagnostikoan ikusten da bakoitza zer puntutan dagoen. Batzuek pasotismotik edo beren posizio erosoetatik, ez dute beharrik ikusten aldaketarik egiteko. Baina kirola egiteak, adibidez, ez du esan nahi izerdi pixka bat botatzea eta kito; komunitate bat dago, saretze bat dago, harremanak... eta balio batzuk transmititu behar dira", iritzi dio.

Orioko Mugimendu Feministak eta Txurumuski aisialdi taldeak idatziz egin dute beren balorazioa. Aurrenekoak diagnostikoa "oso positiboki" baloratu du: "Prozesu honek elkarrekin hausnartzeko eta gure bizipenak partekatzeko aukera eman digu. Gainera, gure kasuan, beste eragileekin partekatu genuen diagnostikoaren elkarrizketa: Pakak transbollomarikakoekin eta Etxeluze gaztetxeko kideekin. Konturatu ginen komunean baditugula ideia eta sentsazio asko: militantziaren nekeak, esaterako; askotan entzunak, aitortuak eta babestuak ez garen sentsazioa...". Aisialdi taldeak azaldu du beraientzat "aberasgarria" izan dela eta diagnostikoak lortu duela "modu naturalean" beraien artean aterako ez liratekeen gai asko "liburu batean jasota gelditzea".
Beraz, txostenak sakontasuna falta duen arren, eragileek uste dute balio duela hurrengo pausoak emateko, hau da, Hezkidetza Plana egiteko. Eta horretan ari dira buru-belarri.
"Egiten dugunaren ardura hartu behar dugu herritar guztiok"
Ainara Munduate (udal zinegotzia)
Behar argia
Hezkidetzaren ardura beren gain sentitu dute eta sentitzen dute ikastetxeek, eta Orion hori da aldatu nahi duten errealitateetako bat, ikastetxeek lanketak egin baina etxean, kirol taldeetan eta gainerako espazio eta arloetan ez bada ezer egiten, hormaren aurka jardutearen pare izan daitekeelako eskoletan egiten dena. Peñak erritmo desberdinak ikusten ditu hezkuntza eremuan eta gizartean: "Hezkidetzari dagokionez, hezkuntzan pisu handia jartzen da, guk ikasleekin zer eta nola landu beharko genukeen esaten da, nolako jendartea nahiko genukeen azaltzen diegu ikasleei, baina hemendik kanpo, gaztetxoen gurasoek ez dute egiten hori, beraien aisialdi eremuetan ez da praktikatzen hori, herriak ez du isla hori ematen... Hortaz, ikasleei iruditzen zaie zerbait gogaikarria kontatzen ari gatzaizkiela edo halaxe dela eskatzen dieguna ere".
Txurrumuskikoak ere bat datoz horretan: "Gaiak landu, lantzen dira, eta teoria oso ondo dakite haur eta gaztetxo askok. Baina gaiak azaletik eta eremu bakar batzuetan soilik lantzen direla deritzogu. Asko bideratzen dira haurrak egun konkretuak ospatzera eta aldarrikatzera, baina lan askoz ere handiagoa egin behar da urtean zehar erreferenteekin. Oso agerikoak diren faktoreak soilik identifikatzen dituzte arrisku bezala eta bizitza errealean gainerakoak identifikatzea asko kostatzen zaie. Horrez gain, gaur egun, jarrera oso erreakzionarioak izaten ari direnaren sentsazioa dugu, eta horietako asko etxetik datozela nabaritzen dugu. Guk, talde bezala, askotan esku hartze txikiak eta epe motzekoak soilik egin ditzakegu".

Munduatek uste du "argi" dagoela orain arte gaia hezkuntza formalean bakarrik landu dela. "Ikastetxeek dituzte hezkidetza planak; beste eremuetan ez dago derrigortasunik hori aurrera eramateko. Boluntarioki gaia landu nahi den ala ez, hortxe amaitzen da kontua", esan du. "Udala pausoak ematen ari da, ikusten dugulako udal gisa egiteko modu bat ari garela sustatzen, eta horrek gizartearekin talka egiten duela. Asko kostatzen ari da bat egitea. Baina, oinarrian, zer dago? Nola harremantzen gara? Nola egiten ditugu gauzak, eta norentzat? Nola eta zertarako? Hor dago dena. Egiten dugun guztia dago errespetuan oinarritu beharra. Guk, behintzat, hezkidetzaren gaia lantzeko beharra hortik ikusten genuen".
"Zerbait egin dela esatea baino inportanteagoa da gauzak ondo egitea"
Ainara Peña (irakaslea)
Helburuak argi, bidea ez horrenbeste
Aberasturik azaldu du ikastetxeetan "betidanik" landu izan dela hezkidetzaren gaia, baina azken 20 urteetan eskoletan edo institutuetan lantzen den modua, trataera, aldatzen joan dela: "Kontzeptua eta berdintasunaren izenean lanketa egin behar denaren beharra, nik, irakasle gisa, beti eduki dut presente. Azken urteetan, gizartean areagotu egin direnez emakumeen aurkako jarrera matxistak, eskoletan ere, maila guztietan, hori nabaritu egin da, eta hori zehatzago landu behar dugu gaur egun. Ezberdintasun hori areagotzen ari da, eta polarizatzen mutilen eta nesken arteko harremana", kontatu du. "Mutur horretaraino iritsi gara gaur egun".
Eta hausnarketa egin du ikastetxeek duten kezka eta erronka handienetako batez, alegia, hezkidetza gaia lantzeko hartutako norabideaz: "Askotan pentsatzen dugu, ez irakasle bezala bakarrik, lagun artean ere, aurrerapausoak ematen ari ote ginen, ala berriro ez al gara ari atzera bueltatzen jarreretan. Horrek zer pentsatua ematen du. Zer egin dugun orain arte. Ze egin, egin da. Ikasle bezala ere bizi izan dut hori institutuan, baina zerbaitetan ez gara ari asmatzen, ez ditugu fruituak ikusten. Gizartearen olatu handi hori gailendu egiten dela iruditzen zait".
"Nire jarrerak ondokoari eragiten badio, izan daiteke hasiera bat"
Nagore Iturralde (Arraunlaria)
Peñak ere baditu kezkak: "Badakit lau maratoi baino luzeagoa den lana dela hau. Mantso eta eginez joan behar da, eta uste dut ari garela egiten. Baina egite hori zabaldu egin behar dela uste dut. Egiten ari garen lau katuk kontraesanak ikusten ditugu, eta batzuetan egoerak gain hartu digu eta egin beharraren egin behar horretan, kontzeptuak gaizki ulertu ere bai... Azkenean, presioa sartzen ere bai mutikoei, eta esaten duzu: zer erru dauka nire semeak hemen jaio baldin bada, hau ezagutu baldin badu, berak jaso dituen mezu guztiak horrela izan badira, nola aldatuko du berak, 13-14 urterekin, orain arte inor aldatzeko gai ez bada izan? Ezin du. Bera, oraintxe bertan, taldearen morroi da. Noski balioak jasotzen ari dela, eta pentsatzen dut horrek gero fruitua emango duela, baina ez da bere ardura bakarrik. Ardura oso kolektiboa da".

Peñarentzat, hezkidetzaren helburuak argi daude, "baina prozesua... nola iritsi horra?", hausnartu du; "hor dago gakoa". Eta diagnostikoan agertu diren gatazka batzuei erreparatu die adibide gisa: "Nik diagnostikoa irakurtzen dudanean, eta argi edukita kualitatiboa dela eta ez kuantitatiboa, atentzioa ematen dit gauza batek: bertan agertzen diren ehuneko handiena emakumeak dira, eta ziur nago barne lanketak eginda dituztela, hausnartuta dutela, eta pentsamenduz oso-oso gertu egon daitezkeen pertsonak direla. Eta, hala ere, gatazka dago. Herri mugimenduan, esaterako, batzuk hain gertu egon zitezkeen, eta momentu jakin batean gertatu den zerbaitek hain urrun jarri ditu. Halakoak gertatu badira hain gertu daudenen artean...".
"Hastapenetan" egon arren prozesua "ilusioz" bizi du mugimendu feministak
Beraz, ondoriozta daiteke ez dela nahikoa helburuetan bat egitea. Adostasuna behar da prozesuko ekintzetan eta pausoetan ere. Eta, horrez gain, agerikoa da herrian erritmo desberdinak daudela ere. Peñak eman du bere iritzia: "Abiapuntuak hain dira desberdinak, horrek antsietatea sor dezakeela, zuk nahi duzulako denak puntu berean egotea, eta oso aurrean, eta agian guk hartzen dugun abiapuntutik oso atzera dago beste bat, eta bide luzea du egiteko oraindik puntu horretara iristerako. Hori ari naiz ikasten denborarekin". Eta bere esperientzia propioa kontatu du Ikastolako hezkidetza arduradun gisa: "Niri ikastolan hezkidetzaren ardura tokatu zaidanean, nahiago nukeen beste batek hartzea, bakardade sentsazioa daukazulako, eta esaten dizutelako egiteko gauza bat benetan eginezina dena. Inkoherentzia pila bat dauzkagu. Familiei dagokienez, denek dakite ez dela politikoki batere zuzena esatea 'ni matxista naiz', baina gero, ekintzetan, nahi gabe, konturatu gabe, sistema honetan bizi garelako eta jaso dugun heziketa jaso dugulako, barneratuta ditugun gauzak dira. Arrazistak garen modu berean".
Gakoetako bat, koordinazioa
Adostasun edo kontsentsuekin batera, koordinatuta lan egitearen eta baliabide egokiak edukitzearen garrantziaz jakitun dira Hezkidetza Mahaiko kideak, eta hasiak dira pausoak ematen, Peñak kontatu duenez: "Hezkuntza mailan, bi ikastetxeek bat egiten genuen baliabideen inguruko iritzian: eduki behar ditugu planak, baina hori aurrera eramatea norbere gain gelditzen da, eta orain, hezkidetza planaren barruan jaso da ibilbide bateratu bat edukitzea, begirada progresibo bat, eta niretzat oso positiboa da hori, eta zegoen behar bati erantzuten dio. Ematen du irakasleok denetarik jakin behar dugula, baina gu ez gara honetan profesionalak, eta nik sentitzen dudana da profesional batzuen bidelaguntzarekin gure eguneroko hori aberastu egingo dela eta eskutik joango garela. Eta baita herrian egon daitezkeen baliabide guztiak bateratzeak gauza oso positiboak ekarriko dituela ere".
Txurrumuskik gaiari buruz formazioa jaso nahi luke, "batez ere udari begira"
Txurrumuskirentzat ere funtsezkoa da gaian formazioa edukitzea: "Hezkidetzaren inguruan egiten duguna asmo onez egiten saiatzen gara. Baina, asmo onez egiten dugun horrek oinarri batzuk izango balitu, guk ere lasaiago egingo genuke guztia. Horregatik, ondo legoke gaiaren inguruko formazioren bat jasotzea, bereziki, udari begira", zehaztu dute.
Udal zinegotziak azaldu du ekintza plana diseinatuta dagoela, "poliki-poliki" joango direla hori garatzen, eta lehenengo ikasturterako "aurreneko helburua" izango dela bi ikastetxeen plana diseinatzea eta baliabideak ematea formaziorako, baita hori guztia profesional batek gidatzea ere. Aldi berean, Festa Batzordearen inguruko lanketa ere martxan jarriko dute, gatazkak egon direlako eta uste dutelako parte hartze dekalogo baten laguntzarekin –jada idatzita dago proposamena eta diagnostikoaren txostenean jasota dago– saihestuko dituztela antzeko egoerak.

Puntu horretara iritsita, Peñak pausoak ondo ematearen garrantzia azpimarratu du: "Nire ustez, gauza hauetan garrantzitsuagoa da egin duzula esatea baino, egin duzun hori ondo egitea. Denbora tartea bi urte baldin badira, bada, bi urte dira. Izan ere, norbanakoaren transformazioa eskatzen duen zerbait da hau, ez da nahi izatea bakarrik", iritzi dio irakasleak. Bat dator horretan Munduate, baita gainerako mahaikideak ere.
Eta orain, zer?
Erreportaje honetan parte hartu duten eragileek eta norbanakoek badute oriotarrentzat mezurik edo gaiari buruz azpimarratu nahi duten ideiarik. Orioko Mugimendu Feministak, esaterako, "ilusioz" hartu du hezkidetzaren inguruan sortutako prozesu hau: "Oraindik hastapenetan gaude eta ikusi beharko dugu prozesuak nora eramaten gaituen, baina guk ilusioz bizi dugu. Gure nahia ongizate kolektiboa da, ez inori kalterik egitea".

Munduaterentzat, mezua hezkidetza diagnostikoarentzat aukeratutako leloa bera da: "Egiten duguna gara, ardurak hartuz leloa jarri genion; izan ere, denok egin dezakegu zerbait, eta egiten dugun guztiak eragina duenez, egiten dugunaren ardura hartu behar dugu. Horixe azpimarratuko nuke nik". Munduaterekin bat dator ikastolako kidea: "Norberaren eraldaketa da hau, eta ezer ez egitea, dagoena betierekotzea da; hau da, ezer ez egitea ere aukera politiko bat da".
Iritzi berekoa da arraunlari gaztea: "Guztiz bat nator Ainarak [Peña] esandakoarekin. Lehen aipatu da diagnostikoan parte hartu dugunok egina dugula hausnarketa bat, eta niri batzuetan amorru puntua ematen dit nire ondokoak ez badu egin, baina ezin naiz bere buruan sartu eta ezin dut bere buruan ezer aldatu, berak egin behar du hori. Espero dudana da nire jarrerak berari pixka bat eragitea, enpatizaraztea. Agian izan daiteke hasiera bat, zerbait aldatzeko".