Ikasturteari indartsu ekin diote Orioko AEK euskaltegian. Matrikulazio kanpaina ondo joan da, eta hainbat mailatako ikastaroak eskaintzeaz gain, bi urtetik behin egiten den Korrika antolatzen buru-belarri ibiliko dira, hurrengo martxoaren 19tik 29ra egingo delako hori. Horrez gain, Aian martxan jarri duten Ulersaioak proba pilotua dinamizatzen ere ari dira. Egoitz Dorronsoro (Orio, 1992) da Korrikako eskualdeko arduraduna, Nadhet Arruti (Orio, 1990) Aiako AEK-koa, eta Amaia Olazabal (Zarautz, 1983), Orioko AEK-koa.
Matrikulazio epea amaituta, martxa hartuta zaudete euskaltegian.
AMAIA OLAZABAL: Bai, eta ikasturteari indartsu ekin diogu, gainera: goizetan lau talde ditugu, arratsaldeetan hiru, eta eguerdietan bi, 90 lagun inguru guztira, eta aurtengo berrikuntza da Orioko Herri Ikastolan bi talde atera ditugula kulturartekotasuna bultzatzeko –aurreko bi urteetan Zaragueta herri eskolan izan genituen Aisa ikastaroetako bi talde–. Ia 30 lagunek eman dute izena, eta batzuk ikastaro horietan sartu ditugu, eta beste batzuk, maila pixka bat handiagoa zutenez, euskaltegiko taldeetan.
Egoitz, hirugarrenez izango zara Korrikako Urola Kostako koordinatzailea.
EGOITZ DORRONSORO: Bai. Lanak aurreratuta daude, eta oraindik askorik kontatu ezin den arren, esan dezakeguna da neuk erronka gisa bizi dudala, uste dudalako Korrika goia jotzear dagoela eskualdeko parte hartzeari dagokionez. Batetik, 70etik gora eragilek parte hartzen dute, eta pozgarria da, baina ez dago nahikoa kilometro denentzat, eta hori kudeatu egin behar izaten da. Bestetik, azken urteetan aste barruan eta goizeko ordu txikietan pasatu izan da Korrika hemendik, eta hala ere, kaleak bete egin izan dira. Hortaz, beste egun eta ordu batzuetan tokatuko balitz, ea nola kudeatu dezakegun.
A.O.: Nik, aurten, nahiko nioke erronka txiki bat bota herriari: norbanako gisa parte har dezatela Korrikako herriko batzordean, Korrika Kulturalari aberastasuna emateko; zenbat eta aniztasun gehiago egon batzordean, orduan eta eskaintza hobea osatuko dugu. Abenduan egingo dugu aurreneko bilera, sanikolasak pasatutakoan.
E.D.: Gainera, gutxirekin asko egin daiteke, eta kultur eragileek nahikoa dute bestela ere antolatzen dituzten urteroko ekintzak Korrika Kulturalaren aterkipean jartzea, egitaraua aberasteko.
Aian ere ari zarete lanean...
NADHET ARRUTI: Hala da. UEMAren bitartez eta Soziolinguistika Klusterrarekin batera, Ulersaioak izeneko proiektua jarri dugu martxan. Metodo berria da eta Gipuzkoan hiru herritan ari dira proba pilotua egiten: Aian, Añorgan [Donostia] eta Antzuolan. Helburua da ulermena lantzea eta, behintzat, egunerokoan sortzen diren elkarrizketak ulertzeko gai izatea, elkarrizketak euskaraz mantendu ahal izateko. Aian 20 herritar inguruk hasi dute lanketa urrian, eta pozik gaude erantzunarekin.
A.O.: Aldundiaren proiektu bat da, gure bi irakaslek emango dute, eta guretzat oso garrantzitsua da, ahozkotasunari ematen diolako inportantzia. Doakoa da, eta aurtengo esperientzia ona izaten bada, espero dugu hurrengo urteetan jarraipena edukitzea. Ikusiko dugu.