Eusko Jaurlaritzak osasun zentro berria egingo du Orion

Julene Frantzesena eta Onintza Lete Arrieta 2025eko abenduaren 18a

Orioko anbulatorioa. (Julene Sorarrain)

Erakundeak osasun azpiegituren eta ekipamenduen 2032ra arteko plana aurkeztu du. Orion 2028-2031 urteen artean eraikiko du anbulatorio berria. Anuska Esnal alkatearentzat "albiste ona" da egindako eskaera entzun izana eta egoera hobetzeko neurriak iragartzea.

Eusko Jaurlaritzak osasun azpiegituren eta ekipamenduen 2032ra arteko plana aurkeztu berri du, eta iragarri du Oriok osasun etxe berria edukiko duela. Ez du azpiegitura horren gaineko xehetasunik eman, baina iragarri du aurreikusitako epea: 2028 eta 2031 urteen artean eraiki edo berrituko du osasun etxea. Izan ere, Jaurlaritzak ez du zehaztu esku hartzea zer mailatakoa izango den.

Orioko anbulatorioa zaharkituta gelditu da, eta ez da funtzionala gaur egungo beharrei erantzuteko. Udalak behin baino gehiagotan eman dio osasun zentroaren egoeraren berri Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari, eta Anuska Esnal Orioko alkatearen hitzetan, "albiste ona" da egindako eskaera entzun izana eta egoera hobetzeko neurriak iragartzea.

Eusko Jaurlaritzak, orotara, 21 osasun etxe, Tolosako (Gipuzkoa) ospitalea, Donostiako protoi terapiako zentroa eta Durangoko (Bizkaia) bereizmen handiko zentroa egingo ditu, baita ospitale hainbat handitzeko eta berritzeko lanak ere. Planean jasotakoa gauzatzeko 1.600 milioi euroko inbertsioa egingo du Jaurlaritzak, eta inbertsio horiek, indarrean dagoen agintaldiari ez ezik, hurrengoei ere eragingo die.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide