Gaur egungo zabor bilketa sistemak arazo handiak ematen ditu, eta horregatik, Orioko Udalak erabaki du sistema hori eguneratzea datorren urtean, hau da, 2026an. Horretarako, aurten herriko edukiontzi guztien "azterketa sakona" egin du, puntu bakoitzeko beharrak kontuan hartuta, eta esan du urtarrilean bertan jakinaraziko dizkiela herritarrei edukiontzi berrien mapa eta horien ezaugarriak.
Udalak prentsa ohar bidez azaldu du zein den arazoaren jatorria, eta zer lan eta zailtasun izan dituzten azken urteetan. Esan du 2018 eta 2019 urteen artean, udalak erabaki zuela herriko zabor guztien kudeaketa Urola Kostako Udal Elkartearen esku uztea. "Erabaki horrek edukiontziak aldatzeko beharra ekarri zuen, udal elkarteko kamioiek edukiontzi handiagoak eta albotik jasotzen direnak erabiltzen baitituzte". Horren ondorioz, "Orioko Udalak lurpeko zaborrontzien guneak erabat berregokitu behar izan zituen". Baina gune horietako batzuk txikiagoak zirenez, ez zuten zabor mota guztiak biltzeko edukiontzientzako lekurik eta, horregatik, papera eta beira txandaka bildu dira orain arte zenbait puntutan.
Matxurak, ohikoak
"Lurpeko edukiontzietan egindako moldaketek, ordea, arazo handiak sortu dituzte azken urteetan", udalak azaldu duenez. "Matxurak oso ohikoak izan dira, eta edukiontziak behar bezala hustutzen ez zirenez, gainezka egiten zuten. Horrek guztiak garbitasuna, mugikortasuna eta kaleen bizigarritasuna nabarmen kaltetu ditu", onartu du.
"Egoeraren jakitun", udalak duela urtebete "azken saiakera" egin zuen, arazoak ematen zituzten lurpeko edukiontzi guztietan konponketak eginda. "Hala ere, egoera ez da hobetu".
Udalak herritarrei "barkamena" eskatu nahi izan die sortutako eragozpenengatik, eta arazoa lehenbailehen konpontzeko "konpromisoa berretsi" du.