Orioko Udalak herritarrak deitu ditu Kontseiluak abenduaren 27rako antolatutako ekitaldian parte hartzera

Onintza Lete Arrieta 2025eko abenduaren 17a

Euskalgintzaren Kontseiluak abenduaren 27ko ekitaldia iragartzeko egin zuen aurkezpeneko irudia. (Euskalgintzaren Kontseilua)

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) bat egin du Euskalgintzaren Kontseiluak Bilbon egingo duen Euskaraz bizitzeko pizkundea ekitaldiarekin, eta udalerri euskaldunetako alkateek eta zinegotziek ekitaldira bertaratzeko deia egin dute. Oriotik autobusa ere antolatu dute kostako euskalgintzako eragileek.

Orioko Udalak herritarrak deitu ditu Euskalgintzaren Kontseiluak hilaren 27an Bilbon egingo duen Euskaraz bizitzeko pizkundea ekitaldian parte hartzera. Izan ere, deialdi horixe egin du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA), eta beraz, udalerri euskaldunetako alkateek eta zinegotziek ere ekitaldira bertaratzeko deia egin dute. 

Abenduaren 27ko kultur ekitaldia Bilbo Arenan izango da, eta kostako euskalgintzako eragileek autobusa jarri dute. Oriotik aterako da 15:00etan, eta Zarauztik, Getariatik eta Zumaiatik igaroko da. Izena emateko epea zabalik dago. Informazio gehiago esteka honetan eskura daiteke.

Udal ordezkariak, UEMAren batzarrean

Udalak azaldu duenez, UEMAk batzar nagusia egin zuen asteburuan Etxarri Aranatzen (Nafarroa), eta Orioko Udaleko ordezkariek ere parte hartu zuten bilkuran. Saioan 2025eko balantzea aztertu zuten, eta 2026rako egitasmo nagusiak eta plangintza onartu. UEMAko lehendakari Martin Aramendik adierazi zuenez, "orain arteko hizkuntza politikak berea eman du", eta "aldatzeko garaia dela erakusten dute datu eta zantzu guztiek".

Haren hitzetan, "kalean, herritarrek eta euskaltzaleek hauspotuko dute pizkunde berria", eta erakunde publikoei "horri behar bezala erantzutea" dagokie. Horri lotuta egin du bat UEMAk hilaren 27ko ekitaldiarekin, eta gogorarazi du sarrerak salgai daudela pizkundea.eus atarian.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide