Palestina-Orio taldeak antolatuta, Palestinaren aldeko festa egin dute gaur Herriko Plazan. Goizean goizetik, kolore gorriz, berdez, zuriz eta beltzez apaindu dute plaza, haurrek eskulanen tailerrean egindako kometekin eta marrazkiekin. Bitartean, askotariko produktuen azoka txikia muntatu dute, besteak beste, eskuz egindako bitxiak, txapak edota palestinar zapiak saltzeko.
Eguerdiko 12:30 aldera, plaza herritarrez goraino bete da, eta Genozidioa stop! lelopean, elkarretaratze jendetsua egin dute udaletxe aurrean. Oraingoan, ordea, oriotarrak ez dira izan elkarretaratzera batu diren bakarrak. Izan ere, herriak bisita berezi bat jaso du gaur: Zarautzen eta Donostiako Intxaurrondo auzoan bizi diren Gazako bi familiek hartu dute parte egitasmoan, hain justu.
Harrera beroa jaso dute bi familia palestinarrek, hain zuzen ere, Harribileko dantzari gazteek agurra dantzatu die plazako oholtza gainean, biolin doinuez lagunduta. Ondoren, Errikotxiako bertsolariek hartu dute mikrofonoa, familiako kideei eta oro har, palestinar herriari pare bat bertso eskaintzeko. Txaloka eta txistuka aritu dira ikusentzuleak, bertsolarien emanaldiarekin guztiz hunkiturik.
Olerkiak ere eskaini dituzte emanaldian, euskaraz nahiz arabiarrez, eta palestinarrak esker onez agertu dira oriotarrekin, hauei egindako harrera bereziagatik. Jarraian, keffiyeh zapiarekin jantzitako dantzari gaztetxoak igo dira oholtzara, bertaratutakoei azken dantza saioa eskaintzeko.
Eta goizari amaiera biribila emateko, herritarrek Palestinako janaria dastatzeko aukera izan dute: besteak beste, kuskusa barazkiekin, arroza haragiarekin edota oilaskoz beteriko enpanadak jan dituzte, baita tea eta zapore ezberdinetako pastak ere. Azokatik eta janari salmentatik jasotako dirua, Zarauzko eta Intxaurrondoko bi familiei laguntzeko izango da.