'Gabonak eta aulki hutsa etxean' hitzaldia eskainiko dute datorren ostiralean

Julene Sorarrain 2025eko abenduaren 14a

Artxiboko irudian, Eider Otxoa terapeuta.

Zainbizi elkarteak antolatu du hitzordua, eta Eider Otxoa terapeutak eskainiko du, hilaren 19an, Salatxo aretoan. Hitzaldi honen helburu nagusia doluan dauden familiei Gabonei aurre egiteko iradokizunak eskaintzea da.

Gabonetako programaren barruan, Gabonak eta aulki hutsak etxean hitzaldia antolatu dute Zainbizi elkarteko kideek, Orioko Udalaren laguntzarekin. Hitzaldi honen helburu nagusia doluan dauden familiei Gabonei aurre egiteko iradokizunak eskaintzea da. Aurten, Zainbizi elkarteko kide Eider Otxoa terapeutak eskainiko du saioa.

Hitzaldia datorren ostiralean, abenduaren 19an, izango da Salatxo aretoan, 19:00etatik aurrera. Antolatzaileek gonbita zuzendu die egun hauetan bereziki hunkiturik dauden familiei eta gai honekiko interesa duten herritarrei. Azken finean, Gabonak senideak edo lagunak berriro elkartzeko garaia da, eta edonork izan dezake modu batean edo bestean "aulki huts bat" etxean.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide