Palestinari babesa adierazteko festa egingo dute igandean

Julene Sorarrain 2025eko abenduaren 11

Palestina-Orio taldeak duela bi aste egindako elkarretaratzea, Herriko Plazan. (Intza Trula)

Palestina-Orio talde ekintzaile berriak antolatuta, adin tarte guztientzako jarduerak prestatu dituzte igande honetarako, Palestinari "bakea eta askatasuna" adierazteko helburuarekin.

Azken bi urteetan hainbat elkarretaratze eta jarduera egin dituzte Orion Palestinari elkartasuna erakusteko, eta, aldi berean, Israel bertan egiten ari den genozidioa salatzeko helburuarekin. Herritar talde batek, ordea, "zerbait gehiago" egiteko beharra nabaritu zuen, eta palestinarrak pairatzen ari diren tragediaz kontzientziatzeko beharra ikusi dute herrian.

Hain zuzen ere, Zarautzen bizi diren Gazako bi familiarekin harremanetan jarri dira, eta beren testigantzak jaso ondoren, laguntza eskaintzeko jarduera sorta antolatu dute asteburu honetarako, herritar guztiek parte hartu dezaten eta Palestinako egoerari buruz kontzientziak pizteko. Urriko ohiko udalbatzarrean aurkeztu zuten mozioa, eta onespena jaso ondoren, jo eta ke aritu dira palestinarrei babesa eta laguntza eskaintzeko ekintzak antolatzen.

Hori horrela izanda, igande honetan batuko dira lehendabiziko aldiz Herriko Plazan, goizean goizetik, adin tarte ezberdinetako herritarrei zuzendutako jarduerak egiteko. 11:00etan hasita, haurrentzako tailerren txokoa muntatuko dute plazan, eta bertaratzen diren gaztetxoek kometak eta marrazkiak egiteko aukera izango dute. Jarraian, 12:30ean, Palestinaren aldeko elkarretaratzea egingo dute, Babesa eta askatasuna Palestinari lelopean.

Elkartzeko "gogo handia"

Kontzentrazioaren ostean ere izango da jarduerarik. Hain justu, dantza emanaldia eskainiko dute plazan, eta, ondoren, Errikotxia bertso eskolakoen olerki eta bertso saioek emango diote jarraipena ikuskizunari, 13:00etan. Eta ospakizunarekin amaitzeko, janarien salmenta egingo dute: kuskusa eta pastak tearekin dastatzeko aukera izango da, zehazki. Gainera, salmentatik bildutako dirua Zarautzen bizi den Gazako familia bati laguntzeko izango da.

Palestina-Orio taldeko kideek elkartzeko "gogo handia" dutela kontatu dute, eta buru-belarri aritu dira azken aste hauetan ekitaldia prestatzen. "Proiektu berri hau batzen gaituen arrazoia izatea nahi dugu. Guztiok batuta egotea eta gatazkari buruz kontzientziatzea da kontua". Igandean izango dira ikusgai taldearen lehen fruituak, baina aurreratu dutenez, etorkizunera begira ekintza gehiago egiteko asmoa dute, besteak beste, filmen proiekzioak edota Palestinako gatazkaren inguruko hitzaldiak.

Hori ez ezik, taldekideek Gazako bi familia ezagutzeko aukera izan zuten duela gutxi, eta gaur egun bizi duten errealitate gordina ikusita, laguntza eskaini nahi diete. "Familia horiek ezagutzeak begiak irekiarazi zizkigun", esan dute. Familietako bat Euskal Herrira ACNUR (Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandataritza) agentziaren laguntzarekin etorri dela ere kontatu dute, eta hortaz, zenbait baliabide jaso ahal izan dituela. Beste familia, ordea, ez dute errefuxiatutzat hartu oraingoz, "Palestinatik oinez atera zirelako eta oinez iritsi direlako hona". Familia horrek du behar handiena.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide