Bertso saio literarioa eskainiko dute bihar iluntzean –19:00etan Kultur Etxean– Uxue Alberdi idazleak, Amorante musikariak eta Miren Artetxe eta Maider Arregi bertsolariek. Oinarria Alberdiren Esne berriketan ipuin liburua izango da –Orion kontatutako istorioak ere jasotzen ditu liburuak–. Saioa doakoa da, baina gonbidapenak eskuratu behar dira aurrez, Turismo Bulegoan.
Emanaldiaren estruktura beti bera dela azaldu du Alberdik, nahiz eta herri bakoitzera moldatu egiten dituzten liburuko pasarteak eta bertsoetarako gaiak, eta bertsolariak ere aldatuz joaten dira: "Liburuko pasarte batzuk irakurriko ditut, Amorantek bere musikarekin aberastuta, eta ondoren, irakurri dudan pasarteari buruz gai bat planteatuko diet bertsolariei, momentuan inprobisa dezaten. Herriaren arabera, aldatuz joaten gara bai irakurraldia, bai bertsoetarako gaiak". Emanaldietan giro berezia sortzen dela uste du idazleak, "ipuin kontaketa eta bertso saio baten arteko zerbait" delako.
Orion, bi emakumeren kontakizunak
Alberdi herriz herri ibili zen libururako istorioak biltzen, eta tartean, Orion bizi diren bi emakumerekin ere izan zen. Azaldu du haien ahotik jasotako hiruzpalau kontakizunen berri izan zuela, eta liburuan argitaratu dituzten istorioetako batzuk gogorrak eta, beste batzuk, dibertigarriak direla. Ez du zehaztu biharko emanaldian horiek ahoz gora irakurriko dituen ala ez, baina bai zeri buruzko istorioak diren. Badaude benetan lazgarriak: "Kontakizun batek jasotzen du nola etxe bateko neskamea erabiltzen zuten umeak izateko; hau da, etxeko andreak umerik eduki ezin, eta etxeko nagusiak neskamea uzten zuen haurdun, horrek familiako haurrak erditu zitzan. Umeetako batzuk senar-emazteek hartzen zituzten, eta beste batzuk, umezurztegira bidaltzen zituzten", kontatu du.
Istorio barregarriren bat ere badago, ordea: "Sanikolas batzuetan, goizeko ordu txikietan txosna ondoan omen zeuden mutil batzuk errioari begira, ea pixa urrunago zeinek egin. Hasi omen ziren erronkan, neska bat etorri, gonak altxa, lurrean etzan, hanak zabaldu, eta pixa besteek baino urrunago eginda, berak irabazi omen zuen lehia".