Azkoitiarra izanda gertuago ditut Zumaia, Getaria eta Zarautz. Gertuago, beraz, sanpedroak, salbatoreak eta Euskal Jaiak. Baina, nik, sanikolasak ditut festa gustukoenak. Betidanik iruditu izan zaizkit inguruetako erakargarrienak, hotz ikaragarriak pasatutakoak garen arren moila inguru horretan. Ekitaldi ugariko festak dira, biziak, oroitzapen on asko uzten dituzten horietakoak. Gustukoen zer dudan pentsatzen hasi naiz, eta oharkabean, bi hamarkada egin ditut atzera. Izan ere, ez al zaizue iruditzen festetako egitarauek bezainbesteko garrantzia edo handiagoa izaten dutela ekitaldien bueltan edo horietatik kanpo jazotzen diren gertaerek eta bizipenek? Urteak pasatu eta atzera begira jarritakoan, ez al gara bigarren horiez akordatzen normalean?
Horixe gertatzen zait San Nikolas jaiez dudan oroitzapen politenetakoaz pentsatzean. 22 edo 23 urte izango nituen, eta gaueko ordu txikietan, hondartzako erdiko txiringitoan ginen lagun mina eta biok, gustura, dantza eta dantza, bizitza momentu huraxe zela sentituz. Erdi ilunpetan eta jendetzaren artean, kostako ondoko herriko mutil hura ikusi nuen halako batean, hura ere dantzan, hura ere bere lagunekin. Ondo erortzen zitzaidan ezagun bat zen, eta dantzan gerturatu nintzaion, pozarren. Ez dakit minutu asko ala gutxi igaro ziren; halako batean, dantzan ari ginela, ezpainetan muxu bat eman zidan. Muxua eman baino, lapurtu egin zidala esan beharko nuke, egiari zor. Eta a zer ezusteko polita.
Ekitaldi ugariko festak dira, biziak, oroitzapen on asko uzten dituzten horietakoak
Nik gustuko nuen, baina ez nekien berak ere gogoko ninduenik. "Txokora joango al gaitun?" entzutea baino eraginkorragoa izan zen ezpain haiek sentitzea, eta kanpora abiatu ginen, Itxaspeko aldapan gora. Eskarmentuagatik, ziurrenez, bazekien hondarretatik urruntzea zela onena halako kontuetarako.
Ez naiz hasiko ondoren gertatutakoaz xehetasunak ematen. Kontua da, handik urte batzuetara, berriro egin genuela topo, berriro sanikolasetan, eta gau hartakoaz oroitzen aritu ginela, ni nire lagunekin, bera bereekin. Taberna batzuetan elkarrekin ibili ginen, gustura eta morbo galantarekin. Gau hura ere elkar musukatuz amaitzea izango zatekeen politena, eta uste dut horixe pentsatu genuela uneren batean biok. Baina bizitzako beste momentu batean geunden, eta arantzatxo horrekin gelditu ginen. Ni bai, behintzat.
Nik gustuko nuen, baina ez nekien berak ere gogoko ninduenik
Gerora nire ezpainek musukatu dituzte ezpain gehiago inguru horietan, eta bateren bat izan da aurreneko hura baino are bereziagoa, baina neguko festa zoragarri hauez oroitzean, ezin dut saihestu hondartzaz, Itxaspez eta kostako mutil hartaz akordatzea. Ziur nago sanikolasek zuei ere sorrarazi dizkizuela antzeko oroitzapen bereziak, izan gustuko pertsona baten ingurukoak, lagunartekoak edo barrez leherrarazten gaituen pasarteren bati lotutakoak. Eta, oraindik gertatu ez bada, egon lasai, aurten gertatuko da eta, zalantzarik ez izan...
Ondo pasatu sanikolasak, gozatu herriko taldeek mimoz prestatutako egitarauaz, gogoan hartu eta barruan gorde jaien inguruko pasarte politenak eta, garrantzitsuena, bakean dagoena, bakean utzi!