AEKalean duela urte batzuk jarri zuen martxan AEKk, eta urtero egun batez ekintzaren bat egin izan dute ordutik Zarautzen. Orain, baina, egitasmoa eskualde osora zabaltzea erabaki dute, eta txandaka, urtero herri batean elkartuko dira. Aurten, Orion jarri dute hitzordua.
Izenak dioen bezala, kalean, "eskolatik atera eta herritar guztientzat irekia" izaten da AEKalean. Iaz, esaterako, kale antzerkia eta musika emanaldia egin zituzten, eta aurten, Eingo taldearen eskutik erromeria izango da Orion bertan, Herriko Plazan, 12:30ean. Dantza saioa gidatu egiten dute taldekideek, eta parte hartzen dutenek dantza batzuk ikasteko aukera izango dute, beraz.
Saioak iraun bitartean Korrikako arropa erosteko aukera ere egongo dela jakinarazi dute antolatzaileek. Izan ere, martxoan izango da Korrikaren hurrengo edizioa.
Egitasmoaren barruan, soilik euskaltegiko ikasleentzat izaten den ekintza ere antolatzen dute. Aurten, Mutiozabal ontziola bisitatuko dute, eta baita Errio dokumentala ikusi ere