Orioko Herri Ikastolak euskararen erronkei buruzko hitzaldia antolatu du ostegun arratsalderako, hilak 27. 18:00etan izango da solasaldia, Kultur Etxean, eta "euskararen egoerarekin kezkatuta dagoen edonorentzat" irekia da.
Euskararen geroa eta euskaldunon erronkak izenburua jarri diote solasaldiari, eta Euskal Herrian Euskaraz (EHE) elkarteko Gorka Torrek emango du. Ibon Gaztañazpi kazetariak gidatuko du elkarrizketa.
Torre ezaguna da, besteak beste, hainbat desobedientzia ekintza egin duelako Ipar Euskal Herrian, baita ezarritako isunak ordaintzeari uko egin diolako ere. Iaz, esaterako, Euskararen Nazioarteko Egunean, abenduaren 3an, Baionako epaitegiko teilatura igo zen Intza Gurrutxaga taldekide getariarrarekin batera, hiriburuan egiten ari ziren manifestazioa epaitegi aurrera iritsi zen unean.