Orioko Udaltzaingoak asteak daramatza herriko bizikletentzako aparkalekuetan eta hiri altzarietan lotuta dauden bizikleten kontrola egiten, "asko baitira leku berean lotuta asteak daramatzaten ibilgailuak", azaldu du Oriko Udalak. Horregatik, "bizikleten zirkulazioa sustatzeko eta hiri altzarien erabilera egokia bermatzeko" asmoarekin, neurriak hartuko ditu udalak datozen asteetan.
Besteak beste, herriko bankuetan, barandetan eta posteetan lotuta dauden bizikletak altzari horiek erabiltzeko eta oinezkoen zirkulaziorako "oztopo bat" direla azpimarratu du udalak. Arazo horren aurrean, ibilgailu horiek jaso eta biltegira eramateko ardura dute udaltzainek.
Udalak bizikleten erabilera sustatzeko neurriak hartu ditu azken urteetan, eta besteak beste, bizikletentzako aparkaleku gehiago jarri ditu herriko hainbat gunetan. Horietako batzuetan, dena den, abandonatutako bizikletak egoten direla kontatu du, eta ondorioz, ez dute "ibilgailuen errotazioa edo mugimendua ahalbidetzen". Hori horrela izanda, bizikleta egunerokoan erabiltzen duten herritarrek ez dute lekurik izaten berea aparkatzeko.
Zazpi eguneko epea
Arazo horiei konponbidea emateko, udaltzainek ohar bat jarriko diete hiri altzarietan lotuta dauden edo bizikletentzako aparkalekuetan abandonatuta dauden bizikletei. Ohar horretan zehaztutako egunera arteko epea izango dute erabiltzaileek –zazpi egun– bizikleta bertatik kentzeko edota lekuz aldatzeko. Epe horretan bizikleta ez bada mugitzen, udaltzainek erretiratu egingo dute biltegian jasotzeko.
Halaber, jabeek aukera izango dute Udaltzainen bulegora joan eta bizikleta erreklamatzeko, baina ezinbestekoa izango da bizikletaren jabeak direla ziurtatzen duen agiriren bat erakustea. Prozesu hori "errazago" egiteko aukera ematen du bizikleten erregistroak, eta herritarrak animatu nahi ditu beren bizikletak erregistratzera.
Bestalde, udalak gogoratu du debekatuta dagoela bizikletak hesietan lotzea. "Hesi horiek lanerako erabiltzen dituzte udaltzainek, trafikoa bideratzeko edo oinezkoen pasabidea mugatzeko, eta une batetik bestera jarri eta kendu behar izaten dira", gehitu du.