EHEren manifestazio nazionalari buruzko aurkezpena egingo dute astelehenean Orion

Julene Sorarrain 2025eko azaroaren 13a

EHEk abenduaren 6rako deitu duen manifestazioaren aurkezpena. (EHE)

Abenduaren 6an Durangon egingo duten manifestazioaren harira antolatu du aurkezpena Euskal Herrian Euskarazek. Salatxo aretoan izango da hitzordua, 18:30ean hasita.

Euskal Herrian Euskarazek manifestazio nazionala deitu du abenduaren 6rako, Durangon (Bizkaia). Deialdiaren helburua da "Euskararen Errepublikaren alde egitea", baita euskara "askapenerako eta justiziarako tresna gisa" aldarrikatzea ere. Eguerdiko 13:00etan abiatuko dira Landako gunetik, Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika lelopean. 

"Hizkuntza- nahiz nazio-kontzientzian bizi dugun geldotze aroa eten eta indarraldirako bideari ekiteko, euskaltzaleon pizkunde berri bat behar beharrezkoa dugu. Jasaten ditugun zapalkuntzei aurre egiteko tresna independentzia, Euskararen Errepublika, dela aldarrikatzeko mobilizatuko gara euskaltzaleok Durangon", azaldu dute mugimenduko kideek. 

Hori horrela izanda, manifestazioaren azalpenak emango dituzte azaroaren 17an, astelehenarekin, Salatxo aretoan. Arratsaldeko 18:30ean hasiko da saioa, eta herritar guztiak daude gonbidatuta bertan parte hartzera. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide