Gaur arratsaldean da Antilla hondartzaren eta inguruko eremuaren eraldakea prozesuaz udalak deitutako bilera irekia

Onintza Lete Arrieta 2025eko azaroaren 13a

Orioko hondartzaren eta inguruko eremuaren aireko ikuspegi bat. (Orioko Udala)

Autobide azpitik hasi eta hondartzara arteko eremuak azken hogei urteetan izandako bilakaera azaldu eta datozen hilabeteetarako aurreikusitako lanen berri emango die udalak herritarrei, Kultur Etxean egingo duten aurkezpenean.

Orioko Udalak herritarrekin bilera irekia egingo du gaur 19:00etan Kultur Etxean. Antilla hondartzatik hasi eta autobideko zubi azpira arteko eremuak "eraldaketa prozesu esanguratsua jasan" du azken hogei urteetan, eta bilakaera horren nondik norakoak eta datozen hiletarako aurreikusitako lanak azalduko dizkie herritarrei bilera horretan, gaur prentsa ohar bidez jakitera eman duenez.

Udalak hamasei hektarea inguru dituen eremuaren egungo egoera baloratu nahi du, eta hurrengo urratsak herritarrei azaldu, "hala nola, kanpinean aurreikusitako lanak, hondartzako zerbitzuen hobekuntza eta ingurumenari lotutako egokitzapenak".

Gaian interesa duten herritar guztiak daude batzarrera gonbidatuta, eta aurkezpenaren ondoren, galderak egiteko eta zalantzak argitzeko aukera edukiko dute horiek.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide