Festak dotore hasteko, bertso zaharren kantu afaria

Onintza Lete Arrieta 2025eko azaroaren 7a

Ortzaikan festetan jartzen duten karpan jendea gauez. (Onintza Lete Arrieta)

Ortzaikan gaur abiatuko dituzte San Martin jaiak, eta egitarauaren barruan, afari berezia egingo dute, Errikotxia bertso eskolak bertso zaharren hamarren bat sorta prestatu dituelako, denek elkarrekin abestu ditzaten.

Lehertzear da festa Ortzaika auzoan: San Martin jaietan murgilduko dira gaur 18:30ean –ikus hemen egitarau osoa–, eta txupinazoaren, herri kirol lehiaren eta erromeriaren ondoren, afaritarako elkartuko dira auzokoak. Berezia izango da hori, ordea. Izan ere, bertso zaharren kantu afaria izango da.

Errikotxia bertso eskolak festen antolatzaileei proposatu zien ohiko bertso afaria egin ordez bertso zaharren kantu afaria egitea, "jendeak ere kantatu zezan, kuadrilla asko elkartzen delako", azaldu diote Gukari Errikotxiako kideek. "Bertsoak aitzakia hartuta, komunitatean zerbait egitea da helburua", gaineratu dute.

Bertso zaharren hamarren bat sorta prestatu dituzte denek elkarrekin abesteko, eta paperean inprimituta banatuko dituzte kopiak. Aukeraketa egitean, badira garai bateko baserri giroari erreferentzia egiten dieten bertsoak, baina "ez da tematika zehatza", eta askotariko gaiez ariko dira kantuan. 

Horrez gain, herriko bertsolariek beren apurra ere jarriko dute: "Bertso eskolako kideok ere afaritan izango gara, eta gure asmoa da bakoitzak bere gustuko bertso sortak eraman eta paperik gabe kantatzea, eta jendeak ezagutzen baditu, haiek ere gurekin abestea". 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide