Hamar egunez, festa izango dute nagusi Ortzaikan

Onintza Lete Arrieta 2025ko urr. 30a, 16:49

Ortzaikako festetan gazteek egin ohi duten herri kirol erakustaldi bateko unea.

San Martin jaiak ospatuko dituzte izen bereko bailaran azaroaren 6an hasi eta azaroaren 16ra arte. Hainbat bazkari, afari eta erromeria saio izango da Oliden jatetxearen inguruan, eta ez da faltako gazteen arteko herri kirol saiorik ere.

Azaroan sartzearekin bat, gerturatzen ari dira San Martin jaiak ere. Ortzaikan, urtero bezala, ekitaldiz betetako egitaraua prestatu dute San Martin bailarako nahiz inguruetako bizilagun guztien gozagarri. Azaroaren 6an hasi eta azaroaren 16ra arte, aspertzeko tarterik ez da izango Oliden jatetxearen aurreko festa gunean.

Txupinazoa azaroaren 7an izango da, ostiralarekin, eta gazteen arteko urteroko herri kirol saioaren ondoren, "erakustaldi berezia" egongo dela jakinarazi dute, zehaztasun gehiago eman gabe.

Egun horretan bertan egingo dute ekitaldi berezi gehiago ere, "bertso zaharren kantu afaria" iragarri baitute herriko bertso eskolaren eskutik.

Zuzeneko musika saioak, afariak eta poteoak izango dira nagusi festetan, eta egunez egun, honakoa izango da aurtengo egitaraua:

Egitaraua

Azaroak 6, osteguna

  • 21:00. Mutil Ardoko afaria.

Azaroak 7, ostirala

  • 18:30. Txupinazoa.
  • 19:00. Herri kirolak bertako gazteen eskutik.
  • Ondoren. Erakustaldi berezia.
  • 20:00-21:00. Alaitz Roteta, Gorka Valdes eta Ainara Saizar trikitilariak.
  • 21:00. Errikotxia bertso eskolaren eskutik, bertso zaharren kantu afaria.

Azaroak 8, larunbata

  • 18:00. Kalejira Zipitriki, Turutax, Larra eta Ohianerekin Katxinara. Autobus magikoan igotzeko aukera egongo da.
  • 18:30. Txakolin pintxo-poteoa Katxinan.
  • 20:00. Txosnara itzulera.
  • 21:00. Afari girotua. Txartelak 30 euroan egongo dira salgai Kutixin eta Olidenen, azaroaren 5era arte.
  • 00:00. Hidalgo DJa.

Azaroak 9, igandea

  • 16:00. Jokoak Txurrumuskiren eskutik.
  • Ondoren. Txokolatada.
  • 18:00. Erromeria Izer eta Alabierren eskutik.

Azaroak 11, asteartea

  • 10:00. Meza
  • Jarraian. Hamaiketakoa eta toka txapelketa.

Azaroak 14, ostirala

  • 19:30. Triki-poteoa Attola eta Haritzekin.
  • 22:30. Mus txapelketa. Izen-ematea 22:00etan.
  • 00:00. Davila DJa.

Azaroak 15, larunbata

  • 05:30. Baratxuri zopa jana.
  • 06:00. Oilasko biltzea.
  • 19:00-21:00. Niko DJa.
  • 23:30. Niko DJa.

Azaroak 16, igandea

  • 14:00. Bailarako bazkaria.
  • 18:00. Erromeria Jagoba eta Maddalenekin.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide