Gaur da 'Gabriel Arestirekin' antzezlana ikusteko gonbidapenak eskuratzeko azken eguna

Julene Sorarrain 2025eko urriaren 24a

Kandido Uranga eta Inazio Tolosa. (utzitakoa)

Kandido Urangak eta Inazio Tolosak bihar eskainiko dute obra Kultur Etxean. Sarrera doakoa da, baina gonbita eskuratu beharko da, Turismo Bulegoan.

Orioko Udalak antolatuta, Gabriel Arestirekin antzezlana eskainiko dute bihar 19:00etan Kultur Etxean Kandido Uranga eta Inazio Tolosa aktore zumaiarrek. Sarrera doakoa da, baina gonbidapena eskuratu behar da, eta gaur da horretarako azken eguna. Turismo Bulegoan eskatu behar dira, 16:00etatik 19:00etara bitartean.

Ikuskizunak bi osagai dituela azaldu du udalak; batetik, Pedro Alberdik idatzitako Gabriel Aresti Eibarren fikzio lana. Arestik Eibarren lan egin zuen garaia aitzakiatzat hartuta, haren egunerokotasunaren hiruzpalau ordu berreraiki zituen idazle eibartarrak, ipuin eder batean. Obraren zuzendariek ipuin hori egokitu eta moldatu dute, antzerki moduan erakusteko.

Bestetik, Arestiren Harri eta herri liburuko Profeta bati izeneko poema errezitatzen dute. Liburua argitaratu zenetik 60 urte igaro dira, baina poema horren giroa gaur egungo egoerarekin eta gizartearekin lotu dute. Gabriel Arestirekin ikuskizuna, antzezleen tresna soilez –ahotsa, gorputza, musika eta sormena– eta esperimentatzeko bulkadaz sortutako antzezlana da.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide