Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gazteria departamentuak martxan du TREBA izeneko programa, eta Orion bi ikastaro berri emango ditu azaroan. 17 eta 24 urte bitarteko gazteei zuzendutakoak dira biak: Bizitzarako trebetasunak izeneko saioa emango dute aurrena, azaroaren 5ean, asteazkenarekin; eta Lan mundurako gaitasunak eta baliabideak izenekoa, berriz, handik astebetera, azaroaren 12an. Bi saioak Salatxo aretoan egingo dituzte, eta hiru orduko iraupena izango dute, 17:30ean hasi eta 20:30 arte. Biak doakoak dira, baina izena aurrez eman behar da.
Bizitzarako trebetasunak ikastaroa praktikoa izango dela azaldu dute. Helburua izango da gazteei tresnak eskaintzea, garapen pertsonalari eta profesionalari lotutako bidean aurrera egin dezaten. "Horretarako, autonomia pertsonala bilatzeko eta aberasteko baliabide praktikoak landuko dira, eta helduaroko erronkei aurre egiteko tresnak eskaini". Powering Education elkartea arduratuko da saioa gidatzeaz, eta izena galdetegi hau beteta eman behar da.
Lan mundurako gaitasunak eta baliabideak izeneko saioan, berriz, eremu profesionaleko erronkei aurre egiteko gaitasunak landuko dituzte, hala nola, talde lana, komunikazioa, lidergotza, proaktiboa izatea, erronken ebazpena… "Enplegua lortzeko bidean, ekimen ezberdinek eta barne ekintzailetzak duten garrantzia azalduko zaie gazteei, eta saio praktiko eta dinamikoa izango da". Taldeko dinamikak ez ezik, banakako lanketak ere egingo dituzte, gazteen motibazioa eta jakinmina pizteko, eta lan mundura jauzi egiteko material pertsonalak sortzen ikasiko dute. Izen-ematea galdetegi hau beteta egin behar da.