Frontoiko elementuak berrerabiltzeko asmoa du udalak, baita horietako batzuk herritarrei ematekoa ere

Onintza Lete Arrieta 2025ko urr. 21a, 08:00

Pilotalekua, artxiboko irudian. (Julene Sorarrain)

Batetik, frontisa pixkanaka desmuntatuko dute, harriak gorde eta frontoi berrian erabiltzeko. Bestetik, pilotalekuko hainbat elementu herritarren eskura jarriko ditu udalak, eta interesa dutenek "lehenbailehen" egin beharko dute eskaera helbide elektroniko bidez.

Orioko Udalak jakinarazi duenez, datozen egunetan frontoiko hainbat elementu bilduko ditu, berrerabiltzeko, horien artean, frontisa. Erakundeak azaldu du Hernaniko Galarreta frontoitik ekarri zutela Oriokoa eraikitzeko, eta herriko pilotariek eta kanpotik etorritako kirolari ezagunek nabarmendu dutela "oso noblea" dela, eta "balio handia" duela. Horregatik, udalaren asmoa da frontisa pixkanaka desmuntatzea, eta harriak gordetzea, herrian eraikiko den frontoi berrian erabiltzeko.

Iturrioz enpresa arduratuko da lan horiek egiteaz, eta hasitakoan jakingo dute harriak zein egoeratan dauden eta berrerabili daitezkeen ala ez.

Bestalde, frontoiko elementu txikiagoiei ere "bigarren bizitza bat" eman nahi die udalak. Horietako batzuk udal eraikinetan berrerabiliko dira, eta gainerakoak herritarrek eskatu ahal izango dituzte, esaterako, frontoiaren sarrerako metalezko atea, bankuetako egurrak, konketak eta komunak, paperaren altzairuzko euskailua, neoizko argiteriaren kutxak, pertxak, horma banatzailea eta babes sarea.

Interasatuek udalarekin harremanetan jarri beharko dute "lehenbailehen" komunikazioa@orio.eus helbide elektronikora mezua idatzita. Hala, udalak eskuragai dauden elementuen zerrenda bidaliko die.

Izan ere, udalak gogorarazi du laster hasiko direla frontoia eraisteko lanak. Eremu horretan 24 etxebizitza berri eta 17 x 11 metroko frontoi estalia eraikiko ditu Eraikiru SLk.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide