Amaitzear da Parrila Fest egitasmo gastronomikoa, baina oraindik ere bada zer gozatua eta zer dastatua. Herriko marmitakoaren elkarteak mimo handiz kozinatu duen marmitakoa banatzen ari dira herritarren artean, hiru euroren truke; eguerditik ari dira prestatzen bi eltze erraldoieta. Herriko tabernek ere beraien errazioak eskainiko dituzte Herriko Plazan atonduta dituzten postuetan.
Parrilla Festen helburuetako bat kultur eta ondare transmisioan eragitea ere badenez, gaurko jardunaldia horren erakusle izan da. Izan ere, eguerdian Joxe Mari Gozategi eta Nieves Arruti herritarrek hegaluzea nola poteratzen duten azaldu eta erakutsi dute jendaurrean, Aiora Larrañaga Solaberrieta kazetaria gidari zutela. Bakoitzak bere eskarmentutik, egosteko modua, denbora, garbitzeko ohiturak eta sekretuak kontatu ditu. Entzule bat ere animatu da bere egiteko modua kontzatzera.
Sabela asetzeko ez ezik, hegaluzearen kontserba nola egiten den ikasteko masterclass interesgarria izan da gaurko. Lekukotza jasotzeko ekitaldi aberatsa, zalantzarik gabe.