Urriaren 4an, larunbatarekin, Herriko Plaza "elkarte gastronomiko erraldoia" bilakatuko da. Hain zuzen ere, Parrilla Festa ekimenaren harira, 200 bat pertsonentzako otordua eskainiko dute, eta menua herriko tabernek prestatutako platerek, Sayalero okindegiko postreek eta bakoitzak etxetik ekarritako arrainak osatuko du. "Berezitasuna, ordea, hurrengoa izango da: norberak herriko arrandegietan erositako arraina ekarri beharko du", azaldu dute.
Hasierako lau platerak jan ostean, talde bakoitzeko ordezkari batek izango du parrillan arraina erretzeko ardura. Hauek ez dira bakarrik egongo, izan ere, herriko parrilleroak izango dituzte alboan laguntza eta aholkuak emateko. "Azken orduko sorpresarik ez izateko, arrandegiekin aldez aurretik hitz egiteko aukera dago, egun horretako arraina eskatzeko", gehitu du udalak.
Gainera, eguna biribiltzeko, Imanol eta Iratz Urkizu aita-alabek musika emanaldia eskainiko dute, 19:00etan hasita.
Bazkarian parte hartu nahi duten herritarrek taldeetan antolatu beharko dute, eta talde bakoitzeko ordezkari bat joango da Turismo Bulegora txartela lortzera. Txartel bakoitzaren prezioa 20 eurokoa da, eta bihar izango dira eskuragai, 16:00etatik aurrera. Prezio horren barruan sartzen dira, besteak beste, tabernek prestatutako errazioak (entsalada, txanpiñoiak, kroketa eta olagarroa), ura eta sagardoa, eta postrea. Gainera, arraina erretzeko beharrezko ikatza, olioa eta baratxuriak prezio horren barruan sartzen dira.
Halaber, ordezkariak zehaztu beharko du zenbat lagunek osatzen duten taldea, eta nortzuk arduratuko diren arraina prestatzeaz, parrilleroen laguntzarekin. Hori ez ezik, zenbat arrain pieza ekarriko dituzten ere adierazi beharko dute, baita harremanetarako telefonoa eman ere. Pertsona bakoitzeko hamar pertsonentzako otordua erreserbatu ahalko da. Bazkaria hiru txandatan antolatuko dute, eta talde bakoitzak zein txandatan bazkaldu nahi duen ere zehaztu beharko du.
Pintxo poterako, itxaron zerrenda
Asteartean jarri zituzten salgai Herriko Plazan egingo den pintxo pote gastronomikorako txartelak, eta egunean bertan agortu ziren guztiak. Dena den, udalak jakinarazi du txartelik gabe geratu diren herritarrek aukera dutela itxaron zerrendan izena emateko. Horretarako, Turismo Bulegora jo dezakete, eta beste txanda bat antolatzeko aukera aztertuko du udalak.