Kontxak eman duena, protagonisten ahotik

Onintza Lete Arrieta eta Urtzi Oteiza 2025ko ira. 14a, 18:17

Orioko gizonek irabazi dute Kontxako Bandera, baina ez dira haiek izan gaurko protagonista bakarrak. Orioko emakumeak, Zumaiako eta Getariako arraunlariak eta estropadak bertatik bertara ikustera joan diren ehunka zaleak, denak izan dira festaren parte. Goizak eman duena bideo honetan jaso du Gukak.

Jendetza elkartu da gaur Donostian Kontxako Banderaren bigarren jardunaldiko estropadak jarraitzeko. Kolore festaren erdian ez ziren falta eskualdeko zaleak: getariarren marroi kolorea, zumaiarren gorria eta oriotarren horia erruz ikusi dira bazter guztietan. Batzuk beren taldeak irabazteko esperantzarekin joan dira, eta beste batzuk Kontxan lehiatzearen sariaz gozatzera. Hori bai, denak beren taldea animatzera, emaitza bat ala bestea egin.

11:00etan hasi da lehia emakumeentzat, eta Oriok eta Zumaiak bigarren txandan egin dute arraun, baina gaur ez dute beren arraunketarik onena egin, eta hirugarren eta bosgarren izan dira. Arraun Lagunakek astindu du bandera, estropada ikaragarria eginda.

Gizonezkoetan, oso bestelakoa izan da eskualdekoen lana. Getaria lehenengo txandan lehiatu da, eta estropada bikaina egin du, txanda irabazita. Bosgarren gelditu da sailkapenean. Oriok, berriz, hasieratik bukaerara egurra eman du, eta ziabogara tarte handiarekin iritsi ondoren, bueltakoan estropada erabat apurtu du. Zierbenari hamalau segundoko aldea aterata eskuratu du bandera, eta arranplan berehala lehertu da festa.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide