Hilabete honetan hasiko da martxan Saregileko irakurle taldea

Julene Sorarrain 2025ko ira. 13a, 10:00

Saregileko liburutegi feminista. (Julene Sorarrain)

Nerea Loiola Pikazak zuzenduko ditu saioak, eta lehena irailaren 24ean izango da, Saregilen, 18:30ean hasita. Izena emateko epea zabalik egongo da hilaren 26ra arte. Mariana Travacio idazlearen Barkamena existituko balitz bezala liburua izango dute aztergai lehen saioan.

Saregile Emakumeen Etxeak antolatuta, hilabete honetan jarriko dituzte martxan irakurle taldearen saioak. Jardueraren helburua, literaturaz gozatzen den bitartean, ahalduntzean eta feminismoan sakontzea da. Horretarako, hilean behin bilduko dira aurrez irakurritako liburu berari buruzko iritziak trukatzeko. "Emakumeon kontzientzia kolektiboan arakatzeko aukera emango diguten eleberriak, poesia liburuak eta saiakerak aurkituko ditugu. Hortik abiatuta, eta literatura ardatz, gai feministei, kezkei, gakoei eta diskurtsoei buruz hausnartuko dugu", azaldu dute Saregiletik. 

Belen Garate irakurle taldeko kidea da, eta Saregile zabaldu zutenetik darama saio hauetan parte hartzen. "Ikusi daiteke jendea gogotsu joaten dela. Gainera, autoreak etorri izan direnean, gure artean konektatzea lortzen dugu". Garatek azpimarratu du irakurketa saioek ezagutzen ez dituen idazleak irakurtzera animatu dutela, eta "inoiz aukeratuko ez litukeen lanak" ezagutzea ahalbidetu dio ikastaroak. 

Hala, lehenengo saioan Mariana Travacio idazle eta psikologo argentinarraren Barkamena existituko balitz bezala liburua landuko dute. Hitzorduak hileko azken asteazkenetan izango dira, 18:30etik 20:00etara bitartean. Euskaraz irakurri eta landuko dituzte edukiak, baita eztabaidak ere, Nerea Loiolaren gidaritzapean. Aurten irakurriko dituzten liburuak hurrengoak dira:

  • Irailak 24: Barkamena existituko balitz bezala, Mariana Travacio.
  • Urriak 29: Amek ez dute, Katixa Agirre.
  • Azaroak 26: Erabili goldea hilen hezurren gainetik, Olga Tokarczuk.
  • Abenduak 17: Ibaiertzeko ipuina, Oihane Amantegi.

Liburuei dagokienez, lehena beraien kabuz eskuratu beharko dute; hurrengo biak, mailegu bidez hartuko dituzte liburutegitik; eta laugarren eta azken liburua, berriz, Saregilek oparituko die. Gainera, irakurritako liburuen idazleen parte hartzea ere izango dute zenbait saioetan. Iaz Itxaso Martin, Ane Labaka eta Beatriz Egizabal idazleen bisitak izan zituzten, esaterako.

Saioetan parte hartzeko beharrezkoa da aurretik izena ematea, eta interesdunek hilaren 26ra arte izango dute horretarako aukera; galdetegi honen bitartez egin daiteke. Informazio gehiagorako, Saregileren egoitzara jo daiteke (Kale Nagusia, 17) baita saregile@orio.eus helbidera idatzi edo 623 17 85 53 zenbakira deitu ere.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide