TindEHEr, euskal gazteen arteko loturak sustazeko tresna berria

Julene Sorarrain 2025ko ira. 5a, 09:00

Uztailean Hendaian egindako TindEHEr proiektuaren aurkezpen ekitaldia. (Euskal Herrian Euskaraz)

Euskal Herrian Euskarazek "errealitate ezberdinetan" bizi diren gazteak elkartzeko proiektua jarri du martxan. Egitasmoaren xehetasunak eman ditu Intza Gurrutxaga kideak.

Abuztuaren 25ean abiatu zen Euskaltzale Independentisten Akanpada Behorlegin (Nafarroa Beherea), eta ekintza dagoeneko amaituta, Euskal Herrian Euskarazek (EHE) akanpadaren balorazio positiboa egin du. Aurtengo ikasturteari begira, ordea, proiektu berri batean murgildu dira EHEko kideak. Hain zuzen ere, uztailaren 3an aurkeztu zuten TindEHEr egitasmoa. "Gazte Euskaltzaleen Sareak eta EHEk elkarlanean sortutako egitasmoa da. Helburua da Euskal Herriko gazteak saretzea, euskaratik eta euskaraz", azaldu du Intza Gurrutxaga EHEko ordezkariak. Gazte mugimenduei begira egindako proiektua da TindEHEr, eta asmoa da, binaka jarriz, egun osoko egitaraua osatzea, elkarren artean "euskaltzaletasuna sustatzeko".

Udako oporraldia igarota, Gurrutxagak kontatu du momentuz 22 gazte mugimenduk eman dutela izena, eta gazte talde horien arteko bikoteak edo "matxak" egiten hasiko direla orain. "Adibide gisa, Getariako Gaztetxeak Portugaleteko Gazte Asanbladarekin egitarau bat antolatuko luke, eta urte amaierara arte egun hori antolatzeko astia izango lukete".

Bikoteak osatzeko garaian, Gurrutxagak esan du "errealitate ezberdinetan" bizi diren gazteak elkartzen saiatuko direla. "Euskararen erabilerari begira, ez da egoera bera Oñatiko gaztetxearena eta Hendaiakoarena. Errealitate ezberdinak existitzen dira eta nahi duguna da errealitate horiek elkarbanatzea eta elkarren berri izatea". Izenak kontrakoa pentsatzera bultza badezake ere, helburua ez da "maitaleak elkartzea", baizik eta gaztetxe edo gazte talde ezberdinen arteko "senidetzeak" sortzea, "denboran zehar harreman iraunkor bat sortzeko asmoarekin". Funtsean, bi gazte mugimenduk beren arteko "dinamika informal bat" sortu, eta ahal den neurrian, dinamika hori beren herrietara zabalduko dute; adibidez, urtero bi herrien arteko topaketa bana eginez bakoitzaren herrian.

Harreman horiek sortzeko, irizpide batzuk izango dituzte kontuan, hala nola Iparraldeko eta Hegoaldeko herrien arteko loturak sortzea, baita euskararen "arnasgune" eta "ez oso euskaldun" diren herrien arteko loturak estutzea ere. "Hau da, gehienbat tipologia ezberdina daukaten herriak jarriko ditugu elkarrekin harremanetan", zehaztu dute. Horiez gain, Euskal Herriko egoera politikoaren jakitun izanik, kontuan hartuko dituzte eragileen barruan dauden "joera politiko ezberdinen arteko osaketak, aldebiko harreman erosorako baldintzak sortzeko".

Izen ematea, zabalik

Helburu orokorra azalduta, horren barruan helburu zehatzago batzuk planteatzen ditu proiektuak, hala nola eremu soziolinguistiko ezberdinetako gazte euskaldunen arteko harremanak sustatzea, aisialdia eta lanketa euskaltzalea uztartuko dituen egunak antolatuz, baita elkarrekiko ezagutza horretatik euskararen hizkuntza kontzientzia handitzea eta pedagogia politiko euskaltzalea egitea ere, euskal kultura sustatuz.

Ekintzan izena emateko epea irailaren 15ean itxiko da, eta interesdunek ehe.eus helbidera jo dezakete, bertan aurki daitekeen galdetegia betetzeko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide