Maria Maestra haurreskolan eta Zaragueta Herri Eskolan konponketa eta egokitzapenak egingo ditu Orioko Udalak oporraldi honetan.
Haurreskolaren kasuan, "eraikina eguneratzeko eta zerbitzua hobetzeko" hainbat obra egin ditu udalak azken urteetan, besteak beste, kanpoko jolaslekuko aterpea edota larrialdietarako eskailera berria jarri, edota lotarako guneak egokitu.
Aurten, Eusko Jaurlaritzak emandako 234.000 euroko diru laguntzaren bidez, hiru proiekturen aurrekontua finantzatuko duela esan du udalak, %75ean. Hauek dira hiru obra horiek:
- Larrialdietako eskailerak eraikinaren kanpoaldean ezartzea (2022an gauzatutako lanetako bat da).
- Lehenengo solairuan, 13 haurrentzako lekua izango duen gela berri bat sortzea, haurreskolako plaza kopurua handituz.
- Energia kontsumoa murrizteko eguzki plakak ezartzea. Udalak 2019an onartu zuen Energia Plana, eta ordutik, energia aurrezteko neurriak hartzen ari da udal eraikinetan, "energia berriztagarriak eta autokontsumoa sustatuz".
Zaraguetaren kasuan, udalak 43.000 euro jaso ditu frontoiko estalkia berritzeko, Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza deialdiaren bidez. Beste 35.000 euro jaso ditu, aldiz, Gipuzkoako Foru Aldunditik, eta eguzki plakak jartzeko erabiliko du laguntza hori.
Udalak 2023an egin zituen ikastetxeko frontoia eta sarbidea egokitzeko lanak. Eguzki plakak, ordea, aurrerago jarri beharko zituztela aurreikusita, estalkia berritu gabe geratu zuten. Orain, jasotako laguntza baliatuko dute lan horiek egiteko.
Bestalde, urrian eraitsiko dute herriko frontoia, eta hortaz, Ospele pilota elkarteko kideek Zaraguetako frontoia erabiliko dute entrenamendu eta partidetarako. Horren harira, hainbat egokitzapen egingo zaizkio ere Zaraguetako frontoiari.
Azkenik, udako oporraldian beste konponketa batzuk egingo dituzte, hala nola iturria aldatu, tinbrea sarbide berrira lekualdatu eta bizikletentzako aparkaleku gehiago jarri. Lan horien kostua 185.000 euro ingurukoa izango dela aurreikusi dute.