Beste behin, dantzan ospatu dute oriotarrek San Joan bezpera. Atzo 21:00etan Kosta Tailerretik atera ziren kale aldera sorgin txiki mordoa Harribil dantza taldekoen gidaritzapean, eta ohi bezala, txistularien eta trikitilarien laguntzarekin kalejiran ibili ziren Herriko Plazara bidean.
Tartean dantza batzuk eskaini zituzten arren, Herriko Plazan egin zuten aurreneko emanaldi luzea, eta ondoren, plazoletan izan zen saio nagusia, suaren bueltan. 22:00 pasata hasi zen emanaldi hori. Jende asko gerturatu zen urteko momentu magikoenaz gozatzera, eta ikuskizun ederra eskaini zuten herriko dantzari txikiek aurrena, eta Harribil dantza taldeak, gero. Dantza ikusgarriak eskaini zituen taldeak, eta herritarren txalo zaparrada beroa jaso zuten ordainetan. 23:00 aldera arte iraun zuen festak.