Kimubat elkarteak, Orioko Udalarekin elkarlanean, baratzeko gaixotasunei eta izurriei aurre egiteko tailerra eskainiko du datorren astean Orion. Furgobaratza ekimenaren barruan, baratzean sortu daitezkeen arazoei aurre egiteko moduak eta horretarako erabili behar diren produktuak erakutsiko dituzte saioan.
Bestalde, bertara gerturatzen direnek, baratzaren inguruan dituzten zalantzak argitzeko aukera izango dute, baita landare eta hazi ekologikoak lortzeko aukera ere. Aholkularitza doakoa da eta bertara edozein erabiltzaile gertura daiteke (ez da beharrezkoa baratze parkeko erabiltzaile izatea eta beste herrietako baratzezainak ere gertura daitezke).
Ekainaren 5ean eskainiko dute tailerra, ostegunarekin, 18:00etatik 19:30era, Baratze Parkean. Saioa doakoa da eta herritar guztiei zuzenduta dago.